NOAUA!ra helarazi duten gutun baten bidez, hutsik dagoen Ugarte baserria okupatu duela berri eman du gazte talde batek. Etxebizitza eskubidearen aldeko kolektibo direla adierazten dute, eta hutsik dauden guneak berrerabiltzea defendatzen dute. Hemen kaleratu duten gutuna, bere osotasunean:
UGARTE BASERRIA OKUPATU DUGU
Etxebizitza funtsezko eskubidea dela uste dugun gaztez osaturiko kolektibo bat gara. Inori berea dena kendu gabe, erabiltzen ez diren espazioak berrerabiltzearen ideia defendatzen dugu.
Gure asmoa Ugarte baserrian gure bizimodua egitea da. Elkarbizitzan, errespetuan, konfiantzan eta elkarrenganako laguntzan bizilagunen artean.
Gure proiektuaren xedea autogestioa, auto-organizazioa, asanblada eta elkartasuna oinarri dituen bizi era alternatibo bat sortzea da.
Gaur egungo sistema ekonomiko bortitzak gutxi batzuei aberastasun handia emanez, gizartearen gehiengoa kale gorrian uzten du. Etxe huts mordoa ikus dezakegu etxe kaleratzeen lapurretagatik, hori dela eta, etxebizitza eskubidea geure egitera goaz. Ekintza zuzena erabiliz, alternatiba sortuz.
Etxebizitza, eskubide konstituzionala da. Beraiek nahi izan duten bezala jolastu dute gure ustez, eta eskubideak ez dira errukitzen, ez badira defendatzen, galtzen dira.
Ugarte baserrian bizi nahi dugu, horretarako, herritarrokin ondo eramatea eta erlazio ona izatea nahitaezkoa dela iruditzen zaigu. Jakinarazi nahi dizuegu etxe honetako ateak behar duzuenarentzat irekita daudela, zerbaiten beharra izanez gero edota gu ezagutzeko kafetxo bat hartzera pasa nahi baduzue, hemen gaude.
Gure aurkezpena amaitzeko esan; zeuen etxeetan erabiltzen ez duzuen zerbait badaukazue gustura berrerabiliko dugula!!
Ugarteko gazte okupak