Sendabelar ikastaroa, Usurbiltzenen eskutik

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 8a, 00:00

Bi ikastaro antolatu ditu Usurbiltzenek, datozen asteotarako. Batetik, ogia egiteko ikastaroa, urtarrilaren 26an 9:30-14:00 artean, Agerialdeko jangelan. Interesdunek, aldez aurretik izena eman beharko dute, 608 566 683 (Beñat) telefono zenbakira deituta. Ikastaroko prezioa, 30 eurokoa da.

Irekita dago baita, Usurbiltzenek antolatu duen sendabelar ikastaroan izen emateko epea. 48 orduko iraupena izango du. Klaseak larunbat goizero, Usurbilgo Gaztetxean burutuko dira, 9:30-13:30 artean. Laura Gurbindo aditu nafarrak bideratuko ditu saioak eta “bertan sendabelarren herbario bat egingo da irteerak eginez, sendabelarrak biltzeko garai egokiak zein diren ikasi, beraien atal erabilgarriak edo propietateak zein diren,... Hortaz gain sendabelarrekin egin daitezkeen gauzak egiten ere ikasteko aukera izango da: ukenduak, txanpuak,landare estraktuak, olio sendagarria...”.

Antolatzaileek noaua.com web orrira bidali duten mezuan berri ematen dutenez, ikastaroa taldea osatzean hasiko da. Urtarrila amaieran edota otsaila hasieran. Apuntatzeko deitu, 608 566 683 telefono zenbakira edo idatzi usurbiltzen@gmail.com helbidera, “sendabelarrak” izenburuarekin. Ikastaroko prezioa 100 eurokoa da, antolatzaileek ohartarazi dutenez, “ikastaro hauetarako gobernuak ematen zituen diru-laguntzak erabat kendu baitituzte”. Ikastaroak jarraipena izan dezake beste 48 orduz, taldeak gaian gehiago sakontzeko nahia erakusten badu. Usurbiltzenetik aditzera eman dutenez, “agian jarraipen hau ez da ordaindu beharko gehiago, diru-laguntza lortzen bada”.