Usurbilgo Gaztetxea, urte erdia betetzeko bidean

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 8a, 00:00

Ugarte baserritik gertu, hutsik zegoen Ugartondo eremuko beste eraikin bat okupatu zuten herriko gazteek joan den abuztuan. Garai batean Alkartasuna Nekazal Kooperatibaren egoitza Usurbilgo Gaztetxea dugu ordutik. Urtebetez itxita eta hutsik egon zen eraikina biziberritu dute herriko gazteek. Hainbat ekimen antolatu dituzte hilabeteotan. Bertan ospatu zen azken Truke Eguna, Errausketaren Aurkako Eguna, auzolan egunak, hainbat kontzertu gau ere ospatu dituzte. Baina baita proiekzio, tailer eta hitzaldiak ere. Azken ekimenak, eguberriotan ospatu dituzte. 

Ia urte erdia igaro da Usurbilek Gaztetxea duenetik. Herrian zegoen behar eta nahi bati erantzunez okupatu zuten aipatu eraikina joan den udan. Aldez aurretik herritarrei eta herri eragileei egindako galdeketen bidez, "erakutsi zuten bazegoela gaztetxe baten nahia, baita beharra ere" adierazi zuten okupatu berritan, gaztetxeko kideek. 

Kokagunearen kontua alde batera utzita, argi zioten zer zen garrantzitsuena, udalerri honek halako gune baten beharra zuela. "Usurbilek gaztetxea behar du, autogestionatua, eta ez bada oraingo eraikinean, beste batean", adierazi zuten abuztuan. Ugarte baserriaren kasuan bezala, etxebizitza proiektu bat iragarria dago hain justu, Gaztetxea kokatua dagoen gunerako. Gaztetxetik kaleratu zuten lehen ohar hartan halere, aipatu proiektua gauzatzen hasi arte behintzat, "eraikinari ahalik eta probetxu handiena atera eta gaztetxe dinamika sortzeko nahia dugu" zioten. Ordutik ia bost hilabete igaro diren honetan, lan dinamika bat sortu dutela agerikoa da.