Larunbaterako, urtarrilaren 12rako Bilbon, "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea" lemapean deitua dagoen Herri Mobilizazio Orokorraren bezperatan, Ramon Uriberen senideekin bildu da NOAUA!. Zigorra osorik bete ostean, abenduaren 3an kalean behar zuen kalezartarrak espetxean jarraitzen du, 197/2006 doktrina aplikatu baitiote. Aske geratuko ez zela jakin zenetik hilabete pasa da. Larunbatean Bizkaiko hiriburuan deitua dagoen manifestazioaren atarian, abenduko mobilizazio astea nola bizi izan zuten, anaia nola dagoen, pairatzen dituzten eskubide urraketez edota larunbateko mobilizazioari buruz galdetu diegu Mari Mar eta Ainara Uriberi. "Batez ere presoengatik. Giza eskubideak errespetatzea eskatzeko", Bilbora joateko deia egin dute. Baita azken ostiraletan burutzen diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu ere.
Elkarrizketa osoa, urtarrilaren 11ko astekarian jaso dugu. Pdf formatuan irakur dezakezue, web orrialde honetan bertan.
Diputatu Nagusiarekin
Uribe sendiaren izenean Ramonen arreba Mari Mar, Aitzol Gogorza gaixo dagoen preso errenteriarraren senideak eta Herrirako ordezkariak, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Martin Garitanorekin eta Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasororekin bildu ziren atzo.
Beste hainbat eragile edota erakundeek bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du larunbatean Bilbon burutuko den manifestazioarekin. Atzoko bilkuraren ostean kaleratu duten ohar bidez, "bizi dugun garaian, ezinbestekoa iruditzen zaigu euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko espetxe-neurriak indarrik gabe uztea: sakabanaketa-politikari amaiera ematea, gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre uztea eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia bete eta, beraz, aska ditzatela zigorra bete duten 67 presoak.
Salbuespen neurri horiek sufrimendu handia eragiten dute Gipuzkoako eta Euskal Herriko gizartean. Eta sufrimendu hori buka dadin, salbuespen neurriak desagerrarazteko legea aplikatzeko eskatzen diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste eragile eta herritarrekin batera, giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala eraikitzeko gure borondate eta konpromisoa adierazi nahi dugu, preso eta erbesteratuen gaiari heltzeko, betiere modu eraikitzailean eta egiazko konponbideak bilatzeko".
Herrirako ordezkariek, larunbatean Bilbora joateko deia egin zieten herritarrei, espetxe politika berria eta presoen aurkako salbuespen neurriak bertan behera uztea eskatzeko. Espainiako Gobernuak Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailean 197/2006 doktrinaren aurka kaleratutako epaiari kasu egin behar diola eta espetxean diren 67 preso aske utzi behar dituztela gogorarazi zuten.
Irudia: gipuzkoaberri.net