Euskal presoen eskubideen alde larunbatean Herrirak Bilbon deitu duen manifestaziora joateko autobusak antolatu dira Usurbilen, goiz eta arratsaldez. Gogoan izan, aipatu mobilizazioa urtarrilaren 12an arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Casillatik. Hara joateko, Herrirak autobusa antolatu du. Arratsaldeko 15:30etan abiatuko da, Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik. Bestalde, Itaya Gazte Asanbladak ere bat egin du larunbateko Bilboko manifestazioarekin. Goizeko 10:00etan Bizkaiko hiribururantz abiatuko da eurek antolaturiko autobusa. Gazte asanbladatik ohartarazi dutenez ordea, "horretarako 40 lagun elkartu behar gara".
Goizeko zein arratsaldeko autobusetan izen emateko zerrendak jarriak daude, Usurbilgo Gaztetxean, Aitzagan, Irratin eta ohiko gainerako tabernetan. Antolatzaileek izen ematea azken unerako ez uztea eskatzen dute.
Aipatu moduan, larunbat arratsaldeko 17:30etan abiatuko da presoen eskubideen aldeko manifestazioa, Bilboko Casillatik. Aurretik ordea, egun osorako ekimenak antolatu ditu Herrirak. 11:00etatik aurrera, herri kirolak, puzgarri edota musika emanaldiak Areatzan kokatuko duten karpan. Eta 12:30etatik aurrera, trikitixa, bertso-batukada edota zanpantzarrak Alde Zaharrean. Informazio gehiago, urtarrilak12.com web orrialdean.