Azken hamarkadako udal aurrekontu baxuenak onartu dira hasieraz

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 10a, 00:00

2013rako 9.935.600 euroko udal aurrekontuak hasieraz eta gehiengo osoz onartu ditu Usurbilgo Udalak, atzo burutu zen ezohiko osoko bilkuran. 2004az geroztik onarturiko aurrekontu baxuenak dira hauek. Gobernu taldetik atzoko saioan eman zuten beste datu bat; "azken 2 urteotan, %28,5ean murriztu dira udal aurrekontuak", ia 4 milioi eurotako murrizketa hain zuzen. Iaztik hona esaterako, milioi bat euro inguruan gutxitu du gobernu taldeak 2013rako aurreikusiak dituen egitasmo edota gastuetarako diru kopurua. Murrizketa hauen atzean dauden zenbait faktore aipatu zituzten gobernu taldetik; tartean, Foru Fondoaren edota hirigintza aprobetxamenduaren jaitsierak.

Txanponaren beste aldean, albiste on bat: 2009az geroztik Fondo Foralarekin zegoen zorra kitatu du Udalak. Honenbestez, Alaitz Aizpurua zinegotziak atzo berri ematen zuenez, "aurten zor hori ez dugu itzuli beharrik izango". 

Testuinguru honetan, alkate Mertxe Aizpuruak "egoera zail batean gaude" adierazi zuen osoko bilkuran. Eta honenbestez, hasieraz onartzera zihoazen aurrekontuetan, "behar beharrezko inbertsio eta gastuak aurreikusi direla", berri eman zuen. Udal departamendu guztietan murrizketak aplikatu ditu gobernu taldeak eta nabarmendu zutenez, ahalegin berezia egin dute, hainbat gastu bildu eta ordenatzeko. 

Diru partidak, Udarregi Ikastola, Txokoalde edo Hirigintza Plan Orokorrera
Zertara bideratuko diren aurrekontuetako diru partidak? Atzoko ezohiko osoko bilkuran, hainbat zehaztasunen berri eman zuten Bildutik. Ongizatean esaterako, udal departamendu guztietan bezala, murrizketak aplikatu dituzte, baina kasu honetan "jaitsiera txikia" da gobernu taldearen esanetan. "Larrialdietarako diru partidak eta herritarrei zuzenduriko laguntzak mantendu" dituztela adierazi zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak.

Kultur arloan, herri eragileen aldeko apustua egiten jarraitu nahi du gobernu taldeak. Diru laguntzetan jaitsiera txikia izango dela iragarri zuten arren, "diru laguntzetan, onarturiko maximoetan ibiltzeko aukera izango dugu" adierazi zuen Alaitz Aizpuruak. 20.000 eurotan murriztu ditu Udalak aurtengorako antolatu dituen ekimenak. 

Lehen aipatu bezala, behar beharrezkotzat jotzen dituzten inbertsioak burutu nahi ditu gobernu taldeak. Horietako bat, Mikel Laboa plazan. Iaz hasitako lanen bigarren fasea gauzatuko da 2013an. Obra hauek Udalak jasotako diru-laguntza bati lotuak daude. Hezkuntza arloan ere, beste bi inbertsio bideratuko ditu Bilduk. Batetik, Udarregi Ikastolako patioa birmoldatu asmo dute, eta bestetik, Agerialdeko eraikinean zenbait egokitzapen eta berritze lan burutuko dira. Obra hauek beharrezkotzat jotzen ditu gobernu taldeak. 

Hirigintza arloari loturiko beste bi egitasmo iragarri zituen atzokoan, gobernu taldeak; batetik, Txokoalde erdiguneko plaza konpontzeko diru partida bat gorde dute aurtengo udal aurrekontuetan, eta bestetik, Hirigintzako Plan Orokorra egiten hasi asmo du Udalak. Plan hau abiatzeko diru partida bat ere bideratuko dute 2013ko aurrekontuen bidez. Plana honi jarraipena, datozen urteotako aurrekontuen laguntzaz eman asmo dio Udalak.

Iragarpen gehiago. Aralarrekin adostu ostean, %0,8a bideratuko dute nazioarteko laguntzara, udal langileen soldatetan ez da igoerarik aplikatuko eta ingurumen alorrean, eraginkortasun energetikora bideraturiko diru partida bat ere izango dute udal aurrekontuok. 

Aurrekontuok eginiko bidea
Labur, hona hemen, 2013rako hasieraz onartu berri diren udal aurrekontuek, orain arte osatu duten ibilbidea:
2012/11: udal aurrekontuak herritarrekin lantzeko Udalak deitutako bilerak auzoz auzo.
2012/12/4: aurrekontuen aurkezpena.
Jarraian, ekarpenak egiteko epea irekitzen da talde politikoentzat.
2012/12/26: aurrekontuen behin behineko onarpena Hazienda Batzordean.
2013/1/9: udalbatzak 2013ko udal aurrekontuak hasieraz onartzen ditu.
Egunotan, 15 eguneko alegazio epea zabalduko da.