Usurbildar bat, 20 urte bete dituen Verdini dantza taldean

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 10a, 00:00

Ezgaitasun intelektuala duten dantzariz osatutako Donostiako Verdini dantza taldeak 20 urte bete ditu. Urtemuga, larunbat honetan, urtarrilaren 12an, iluntzeko 20:00etan hasita Victoria Eugenia antzokian antolatu duten "Zu Zeu, 20 urte Verdini" izeneko gala batekin ospatuko dute.

Emanaldia bi zatitan banatua egongo da. Lehenik, Isabel Verdiniren lan metodologia ezagutzeko aukera izango da, bere eskolako partaideen bidez. Jarraian, konpainiaren azken aldiko ikuskizunen zatiak eskainiko dituzte ikasleek, baita argitaratu gabeko obraren bat ere. Badut taldeak ere parte hartuko du ekitaldian. Clownaren bidez ikuskizuna girotuko dute. Emanaldirako sarrerak salgai daude, Victoria Eugeniako txarteldegian, baita Interneten ere.

Dantzaren bidez ezgaitasun intelektuala integratzea izan da Isabel Verdinik 1992an sortu zuen konpainia honen helburu nagusietako bat. Egun, 19-28 urte arteko 30 dantzari dituen taldean, ikasle usurbildar batek parte hartzen du; Olaia Goikoetxeak.