Lan mundua euskalduntzeko saiakera berria

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 10a, 00:00

Buruntzaldeko udalek, tartean Usurbilgoak, "Nik ere euskaraz lanean" (NEL) izeneko saioak antolatu dituzte hasi berri dugun urte honetarako. Egitasmoa, eskualdeko ostalariei zuzendua dago, sektore honetan euskara sustatzeko asmoz. 

Saio hauen bidez, ostalaritzan lanean dihardutenei, sektore honetan lan bila dabiltzanei, euskaraz hitz egiten jakin ez eta behar dutenei edota mintzatzeko gaitasun gutxi dutenei euskaraz komunikatzen irakatsi nahi zaie. Enplegatu edo lankideekin erdaraz hitz egiteko ohitura duten enplegatzaile edo langile euskaldunei komunikaziorako baliatzen duten hizkuntza aldatzen lagundu nahi zaie. Azkenean, euskaraz hitz egiteko lotsa edo ohitura falta alboratzen lagundu nahi da saioen bidez.

"Nik ere euskaraz lanean" egitasmoaren bidez, ostalaritzako langileak edo lana bilatzen ari denak, sektore honetan beharrezkoak diren euskarazko hitzak eta esamoldeak ikasteko aukera izango du, egoera guztiz errealetan oinarrituta. Ikastaroa hain zuzen, bitan zatitua egongo da. 8 saio, Urnietan ikasgela batean burutuko dira, eta beste sei, ostalaritza establezimenduetan. Modu honetan, alderdi teoriko eta praktikoa uztartuko ditu ekimenak. 

Ikastaroa urtarrileko azken astean hasiko dute, Urnietako Banaiz Bagararen egoitzan. 14 saio izango dira guztira. Saio bakoitza bi ordukoa, eta astean bizpahiru saio. Guztira beraz, 4-6 asteko ikastaro trinkoa dugu. Ikastaroaren prezioa 30 eurokoa da, baina saioen %80ra joaten den ikasleari matrikulazioan ordaindutakoren erdia itzuliko zaio.

Gehienez 15 laguneko taldea osatuko da. Aipatu moduan, ikastaroa Buruntzaldeko udaletako Euskara Zerbitzuek antolatu dute. Ikastaroa berriz, Banaiz Bagara elkarteak eta Emun Kooperatibak eskainiko dute. Informazio gehiagorako eta izen emateko: deitu Urnietako Udaleko Euskara Departamentura (943 008 033) edo Banaiz Bagararen Urnietako egoitzara (943 331 455, 645 733 818).