Gastu ez finantzarioaren 10.589.870,41 euroko muga jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, atzoko ezohiko osoko bilkuran. Diru kopuru honek zera esan nahi du; atzo hasieraz onartu ziren 2013rako udal aurrekontuetako gastu ez finantzarioa 9.935.600 eurokoa bada, urtean zehar egin litezkeen aldaketentzat 10,5 milio euro pasatxoko muga jarri dela. "2013ko aurrekontu proiektuaren gastu ez finantzarioa, guztira, 9.600.600 eurokoa da. Zenbateko horrek ez duenean gainditzen gastu finantzarioaren muga, aurrekontu proiektuak bete egiten du gastuaren erregela", jasotzen du gai honi lotutako udal txostenak. Atzo onarturiko muga, Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundearen erreferentzia tasa %1,7koa izango dela kontuan hartuta kalkulatu da.
Udal langileak
Bestalde, urtero moduan, udal aurrekontuak hasieraz onartzearekin batera, Usurbilgo Udaleko 2013ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda ere hasieraz onartu zituen udalbatzak, gehiengo osoz. Bada nabarmentzeko moduko aldaketarik aurtengoan. Mertxe Aizpurua alkateak berri eman zuenez, Kirol Patronatuaren desegiteak Lanpostuen Zerrendan eragingo du. Orain arte hain zuzen, Patronatuan lan egiten zuten bi langileak aipatu zerrenda horretan integratuko baitira. 2013rako Plantilla Organikoaren eta Lanpostuen Zerrendaren alde bozkatu zuten Bilduk eta PSE-EEk. Aurka Hamaikabatek. Aralar abstenitu zen.