Gobernu taldeak Aralarrekin adostu ditu udal aurrekontuak

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 10a, 00:00

2013rako udal aurrekontuak Bildu eta Aralarren babesarekin onartu dira. PSE-EE eta Hamaikabat alderdiek aurrekontu proiektuaren aurka bozkatu zuten atzoko ezohiko osoko bilkuran. EAJ-PNV-ko ordezkaria ez zen egon udalbatza aretoan. Eguneko gai zerrendako bigarren puntua bozketara eraman aurretik ordea, Aralar, PSE-EE eta Hamaikabatek osoko bilkurara eramandako aurrekontu proiektua baloratu zuten.

Aralar: "Ados oro har"
Gobernu taldetik iragarri moduan, aurrekontuok onartzeko Bildu eta Aralar akordio batera heldura dira aurten. "Ados oro har", hala zirela adierazi zuen Joxe Ramon Furundarenak, Bildurekin elkarlanean heldutako adostasunaren harira. Gobernu taldetik diru partiden inguruan emandako zehaztasunei, Aralarretik honakoa erantsi nahi izan zuten. 

Batetik, ontzat eman zituzten hezkuntza arloan Udarregi Ikastolan egin asmo diren lanak. Joxe Ramon Furundarena bozeramaileak adierazi zuenez ordea, batetik, Ikastolak aurkezten duen plan ekonomikoaren zain dira, eta bestetik "abian den parte hartze prozesua ere nola amaituko den ikusi behar". Aralarretik egin duten proposamen baten berri ere eman zuten atzoko saioan. Zumarte Musika Eskola atarian bildu ohi diren guraso eta ikasleentzat, aterpe bat egitekoa. 

Hirigintzan ontzat ematen zuten Txokoalden egin asmo diren berritze lanak, baita ingurumen arloan azterlanak egiteko aurreikusi diren bi diru partidak ere. "Ideia onak daude", baloratu zuen Furundarenak. Bide gorri sarearen plana ere ahotan hartu zuen Aralarreko ordezkariak. Garrantzitsutzat jo zuen "Kaxkoa auzoekin lotzeko" baliatuko den egitasmo hau eta, datozen urteotan "plan horrek zehazturiko zatiak" gauzatzen joateko nahia agertu zuen.

Bi eskaera ere egin zituzten Aralarretik. Batetik, herriko kultur taldeei emandako diru laguntzak mantentzea. Bigarrenik, ingurumen arloan, Garbitaniako datuak batzordera ekartzea galdegin zuten. 

Iaz gobernu taldearekin desadostasun handia eragin zuen beste gai batean ere ados jarri dira oraingoan, Bildu eta Aralar; gizarte ekintzara bideratu beharreko ehunekoa, %0,8an finkatzea adostu dute bi aldeek. Adostasunera heltzeko egindako ahalegina eskertu zuten atzo Aralarretik. 

Hamaikabat: "geure programarekin ez datoz bat"
Aipatu moduan, udal aurrekontuen aurka bozkatu zuen udal taldeetako bat, Hamaikabat izan zen. Eurek 2011ko maiatzeko udal hauteskundeetara aurkezturiko "programarekin ez datoz bat kopuru eta asmoak" adierazi zuen udal taldeko bozeramaile Luis Mari Ormaetxeak. Euren esanetan, aurrekontu proiektu honek ez dio aurre egiten ez krisiari, ezta ongizate beharrei, "ez da guk nahi bezainbeste egiten". Etxebizitzen arazoari ez diola aurre egiten ere gaineratzen zuen Ormaetxeak, ezta Usurbilen, "hezkuntza publikoa izateko aukerari" ere. Hamaikabaten esanetan, aurrekontuok ez datoz bat eurek defendatzen duten hondakinen kudeaketa ereduarekin eta "herri kohesioa ez du areagotzen". Gobernu taldetik gogorarazi zenez, Hamaikabatek hiru ekarpen egin dizkio aurrekontu proiektuari. 

PSE-EE: "aurrekontuok ez dira udalerri honek behar dituenak"
Hasieraz onartu berri diren aurrekontuei osoko emendakina aurkeztu zien PSE-EEk, gobernu taldeak abenduaren 4an proiektua aurkeztu eta gerora ireki zen alegazio epean. Hazienda Batzordeak abenduaren 26an eginiko bileran ordea, atzera bota zuen Ricardo Crespok aurkezturiko aipatu emendakina. Atzoko osoko bilkuran, honen berri eman zuen sozialisten bozeramaileak. 

Aurrekontuekiko zituen zenbait desadostasun zehaztu zituen. Batetik, "hondakinen bilketa sistemarekin ez gaude ados", ezta presoen senideei ematen zaien laguntzarekin ere. Alor ekonomikoan Buruntzaldean garapenerako lankidetza agentzia bat badela gogorarazi zuen Crespok, "baina politika zehatzik ez". Gutxienez, beste bi gabezia dituzte aurrekontuok, PSE-EEren ustez. EUDEL erakundearentzat eta Eskola Publikoarentzat diru partidarik ez egotearekin desados agertu da Crespo.

Gaur PSE-EEtik NOAUA!ra bidalitako prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, atzo hasieraz onarturiko aurrekontuok "ez dira udalerri honek behar dituenak", egungo krisi egoera honetan. Krisiaren aurkako ekintza plan zehatz bat egotea beharrezkotzat jotzen du PSE-EEk. Horren harira, langabeziaren tipologia eta lan eskaintzen egoera zehaztuko duen txostena egiteko diru partida bat egotea planteatzen du Crespok, kontratazioak hobetzeko Udalak eskaintzen dituen ikastaroak osatzearekin batera. Sozialisten esanetan, "egia da irtenbide magikorik ez dagoela, baina krisia gainditzeko guztia beharrezkoa da, guztia geldirik geratzea izan ezik". Euren esanetan, gobernu taldea, "Lanbidetik proposatutakoa aplikatzera edo eskualdeko garapen agentziako diru kopuruak ematera mugatzen da".

Prentsa ohar berean, Crespok atzo udalbatza aretoan defendatutakoa berresten da. Atez ateko bilketari eta presoen senideei loturiko diru partiden aurka agertzen da PSE-EE, baita Agerialdeko hobekuntza lanen aurka ere, eta gobernu taldea "eskola publikoarekin ez konprometitzea" gaitzesten du.