Kutsadura arazoen inguruko Itayaren herri batzarra gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 11a, 00:00

Itaya Gazte Asanbladak herri batzarra deitu du gaur iluntzeko 19:00etarako, Potxoenean. Bertan, konpontzeke jarraitzen duen ke eta usain txarren arazoen gaia landu nahi dute ostiral honetako hitzorduan. 

"Denbora dezente da Usurbilgo UCIN enpresak botariko kea eta usaina jasaten ari garela, benetan jakin gabe zer sustantzia diren eta hau zenbateraino kaltegarria izan daitekeen gure osasunarentzat. Aluminiozko txatarra urtzen dute labe handi batean, prozesu honetan aluminioaz gain pintura, plastikoak eta mota guztietako produktuak erretzen direlarik. Arazoa ikusirik ITAYA gazte asanblada azken aldian hileroko lehen ostiralean 20:00etan Mikel Laboa plazan kontzentrazioak antolatzen ari da. Hala ere, dirudienez honek ez du UCIN askorik kezkatzen. ITAYA-k deiturik urtarrilak 11n 19:00tan herri batzarra izango da Potxoenean. Herritarrak elkartu eta arazoaren inguruan hitz egingo da, soluzio bat lortzeko asmoz herritarren artean egin daitekeena aztertuko da eta azken helburua lan talde bat sortzea izango da. Animatu eta parte hartu!!", deitzen diete herritarrei NOAUA!ra bidali duten mezu bidez.

Erradiazio elektromagnetikoei buruzko solasaldia, asteartean
"Erradiazio elektromagnetikoa eta osasuna" izeneko solasaldia antolatu du Usurbilgo Udalak, datorren astearterako, hilaren 15erako, 19:00etan Potxoenean. Erradiazio elektromagnetikoa zer den, osasunarentzat kaltegarria ote den, edota aditu desberdinek gai honen inguruan diotenaren berri emango du ingurumen alorreko zinegotzi eta sare informatikoen arloan EHUko irakasle den Jose Maria Rivadeneyrak. Usurbilgo Udaleko udalbatzak gai honi loturiko mozioa onartu zuen aho batez, joan den azaroaren 27an burutu zen osoko ohiko bilkuran.