Santo Tomas egunez herrian antolatu zuten elkartasun ekimenaren haritik, eskerrak helarazi dituzte Haur Eskolatik. NOAUA!ra bidali berri diguten oharrarekin jakitera eman dutenez, abenduaren 21ean jaso zuten laguntzarekin material berria erosteko aukera izango dute:
Denek dakizuen bezala, abenduaren 21ean Haur Eskolakoek herrian zehar ospakizun txiki bat egin genuen. Urtero bezala herriari bira eman genion gabon kantei hotsa jarriaz. Eta Haur Eskolako materiala berritzeko asmoz, ekimen xume bat eraman genuen aurrera.
Herriko frontoian giro ederra sortzeaz gain, gure helburua aixa bete zen. Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuegu guztiei. Zuen inplikazio, gogo eta laguntza ezinbestekoa izan zen janari, edari eta musikaz lagundutako festa aurrera eraman ahal izateko.
Material berria erosteko aukera eman diguzue eta eskerrak emateko unea iritsi zaigu.
Mila esker Urdaira Sagardotegiari, Usurbilgo Udalari, Ikastolako langileei, gaztainekin lagundu zigutenei, Aitzaga elkarteari, Noaua-ri, Haur Eskolako guraso eta hezitzaileei, Zumaiako lagunei eta bertaratutako guztiei!
Baita haur eta helduen artean ilusioa banatzeagatik, mila esker Olentzerori, Mari Domingineri, Kottonio astoaren jabe eta zaintzaileari, Susiri…
Eskerrik asko denei!
Usurbilgo Haur Eskola