Elurra gertu izan dezakegu, igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 11a, 00:00

Iragarpenak betetzen badira, elurrak inguruok zuritu ditzake igandetik aurrera. Ahal den neurrian beraz, probetxua atera ostiral honetako egun eguzkitsuari, bihartik aurrera ez da eta giro izango. Larunbat eta iganderako behintzat, elurra eta izotzagatik alerta horian jarri du Euskalmetek EAE osoa, kosta parte hau izan ezik. "Larunbatean eguraldiak nabarmen txarrera egingo du. Goizaldean bertan zerua lainotzen joango da eta goizean jada zerua estalia ikusiko dugu eta euria egiten hasiko da. Zaparradak ugariagoak eta sarriagoak izango dira egunaren bigarren partean, noiz trumoi-ekaitza eta txingorra bota dezakeen. Tenperatura jaisten hasiko da eta arratsaldean nabarituko dugu bereziki, orduan haizea ipar-mendebaldetik etorriko baita. Elur-maila 1000 metrora kokatuko da arratsalde-gauean", horixe Euskalmeten iragarpena biharko. 

Etzirako berriz, "igandean zaparradekin jarraituko dugu eta tenperatura gehiago jaitsiko da. Goizean aterruneak luzeagoak izango dira eta ostarteren bat agertu daiteke. Baina arratsaldean zerua berriz, lainotu egingo da erabat, eta zaparradak sarriak izango dira berriro. Orduan ere kazkabarra bota dezake. Tenperaturak beherako bidean jarraituko du eta baita elur-maila ere; egunaren amaieran 600-800 metrora zuritu dezake". Egunaren amaiera horretarako hain zuzen, Europatik aire masa hotza heltzea espero da. Aire masa hotz hau Euskal Herriko lurraldean sartzen bada nonahi egin dezake elurra, iragarpenen arabera, asteartera arte. Asteburuan zehar, adituak iragarpenok zehazten joango dira. Egunotarako informazio eguneratua, euskalmet.net atarian aurkituko duzue.