Euriagatik, alerta horian

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 14a, 00:00

Bart iluntzerako espero zen hotzaldia, elur eta ekaitz giroa heldu da Euskal Herrira. Inguruotara bereziki euri zaparrada mardulak ekarri ditu. Tankera berean jarraituko du eguraldiak datozen egunotan. Euskalmet-ek alerta horian jarri gaitu bihar gauerdira arte, "24 orduan metro karratuko 60 litro baino gehiago pilatzeko probabilitate txikiagatik". Prezipitazioa bi egunotan oso ugaria izango dela iragarri dute adituek. 

Gaur, "euria barra-barra. Euria erruz egingo du egun osoan eta puntualki baliteke zaparrada handiak eta txingorra botatzea. Goizeko lehen orduetan elurra egingo du 600-700 m-tik gora, baina elur-mailak gorantz egingo du goizean eta gauean 1000 m ingurura egongo da. Tenperatura maximoak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta iluntzetik aurrera zakartu egingo da".

Bihar ere beste hainbeste. "Asteartean ere euria erruz egiten jarraituko du, eta haizea ere zakartu egingo da. Eguraldi ezatsegina: giro euritsua, hotza, eta ipar-mendebaldeko haize zakarra, batez ere kostaldean eta mendi inguruetan. Haizeak hotz sentsazioa areagotu egingo du. Elur-kota 1000-1200 m inguruan egongo da", dio Euskalmet-en iragarpenak.

Hurrengo egunetarako ere ez da aldaketa handirik espero. "Asteazkenerako aldaketa gutxi; tenperatura maximoak gradu pare bat gora egingo dute, baina gainerakoan egoera apenas aldatuko den. Hirugarren egunez jarraian euria izango dugu hizpide, eta zaparradak botako ditu ia etengabe. Gainera, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du. Tenperatura apur bat igoko da, baina hala eta guztiz negu giroko balioekin jarraituko dugu, 7-12 ºC arteko maximoekin", adierazi dute Euskalmet-etik.

Adi beraz bereziki, errepidean.