Bi eskubaloi talde Gipuzkoako txapeldun, eta hirugarren bat txapeldunorde

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 14a, 00:00

Usurbil Kirol Elkartetik nabarmendu dutenez,hiru eskubaloi taldeek Gipuzkoako Txapelketa amaitu berri dute,  "emaitza oso onekin" gainera. Jubenil mutilak eta kadete neskak Gipuzkoako txapeldunak ditugu. Jubenil neskak, Gipuzkoako txapeldunorde. 

Jubenil mutilak, "liga erregularreko azken neurketa jokatu eta irabazi ostean, txapeldun geratu dira jokatutako partida guztiak irabazita. Hori dela eta, datorren asteburuan, hilak 18-19-20, Euskal Ligan jokatzeko IGOERA FASEA jokatuko dute Arabako eta Bizkaiko ordezkarien aurka. Halaber, fase hau Usurbilen antolatzeko eskaera luzatu dio Kirol Elkarte honek Euskal Eskubaloi Federazioari, Euskadi mailako talde onenen eskubaloiaz Usurbilen gozatu ahal izateko", berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik.

Aipatu moduan, kadete neskak ere (ondoko argazkian) Gipuzkoako txapeldunak ditugu larunbatean jokatu zuten neurketaren ostean. "Azken partidua irabazi egin zuten eta partidarik galdu gabe Gipuzkoako txapeldun geratu dira. Txapeldun geratzearekin Euskal Ligan jokatzeko txartela zuzenean lortu dute. Taldeak fase hau gaindituko balu, Euskadiko Txapelketa jokatuko luke Euskadi mailako 8 talderen artean, eta Euskadiko Txapelketan 2 onenen artean sailkatuz gero, Espainiako Txapelketara sailkatuko litzateke", ohartarazi dute eskubaloi taldeen bilgunetik.

Hau gutxi izango balitz, jubenil nesken taldea ere Gipuzkoako txapeldunorde dugu. "Azken fasean partida bakarra galduta eta goal-averageagatik ezin izan dute txapeldun geratu eta beraz, 2. postuan geratu dira", berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik. 

Euskal Selekzioan ere, Usurbilgo ordezkaritza
Eskubaloi jokalari usurbildarren nagusitasunak udalerriko mugak gaindituak ditu. Euskal Selekzioarekin Galizan selekzioen txapelketa jokatzeko deituak izan baitira berriki, Andoni Zubeldia eta Lur Errekondo. "Tamakalez, Lur Errekondok ezin izan zuen joan lesio bat zela eta. Bere selekziokideek hala ere 2. postua erdietsi zuten. Andoni Zubeldiak joan ahal izan zuen eta Euskal Selekzioarentzat 4. postua lortu", berri eman dute kirol elkartetik.

Beste eskubaloi jokalari bat ere deitu zuten atzo, Gipuzkoako selekzioan parte hartzera. Donostiako Bidebieta Kiroldegian izan zen Eneko Iribar infantilen eskubaloi taldeko kidea, "ekainean burutuko den Euskadiko Lurralde selekzioen txapelketa prestatzeko". 

Irudia: Usurbil Kirol Elkartea.