Etxebizitza gisa erabiltzeko lokalen esleipen prozesua abian

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 14a, 00:00

Joan den abenduaren 20an burutu zen ezohiko osoko bilkuraren harira, biharamunean albiste hau argitaratu genuen web orrialde honetan:

"Lokal komertzialak etxebizitza gisa erabiltzeko ordenantza onartuta zegoen lehendik ere. Etxebizitza horiek saldu edota alokairuan jarri nahi duenak, gaurko plenoan onartu diren oinarriak jarraitu beharko ditu. Tasatuen izaera izango dute etxebizitza hauek. Honek zer esan nahi du? Finean, zozketa bidez esleituko direla. Beraz, bi zerrenda osatuko dira: salmenta bidez esleituko diren kasuentzako zerrenda bat; alokairuan esleituko direnentzat beste zerrenda bat. 

Itxaron-zerrendak osatuko dira eta zerrenda horietan aurkeztu ahal izateko baldintzak zehaztu dira. 
Beraz, lokal komertzial izandako etxebizitzak, jabetzan nahiz alokairuan, zozketa bidez arautuak geratu dira. Etxebizitza tasatuekin egiten den moduan. Plenoko gai honetan, Bilduk eta Aralarrek alde bozkatu dute, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiek aldiz, abstentziora jo dute. EAJ-PNVko ordezkaria ez zen plenora bertaratu".

Gai honen harira, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua dago erabakia. Urtarrilaren 31ra arte irekita dago, etxebizitza gisa erabiltzera bideratuko diren lokal hauetan izen emateko epea. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia, udaletxean aurki dezakezue. Ondoko irudian klikatuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu den informazioa duzue.