Pauso berriak, kutsadura arazoei aurre egiteko

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 14a, 00:00

Udalerriak pairatzen dituen ke eta usain txarren arazoei aurre egiteko, lan talde bat sortu asmo dago. Hala erabaki zuten Itaya Gazte Asanbladak deituta, joan den ostiralean Potxoenean burutu zen bilkuran. Oraindik konpontzeke dagoen arazoaren aurrean zer egin, horri buruz hitz egitea zen bertan bildutakoen helburua. Gainera, egoera zertan den azaldu zuen, Usurbilgo Udaleko ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak. Batetik, aurrez Udalarekin izandako bileran adostu bezala, Ucin enpresak filtroak aldatu dituela baieztatu zuen. Azaroaren 23an izan zen, eguraldi txarrak eraginda aurreikusi baino hilabete eta erdi geroago. Udala berriz biltzekoa da enpresarekin, hilabete amaieran. Bide batez, beste behin, azaroaren 23az, Ucinek filtroak aldatuz geroztik kea ikusi edota usain txarra arnastu duenak, honen berri Udalari ematea deitu zuen Rivadeneyrak. 

Udalak aipatu enpresarekin hilabete honen amaieran burutuko duen bilkuran, arazo hau konpontzeko aurrerapauso berriak eman asmo ditu. Gazte asanbladak proposatuta bestalde, Itayatik kanpo herritarrekin, elkarretaratzeak deitzetik haratago joango den lan talde bat sortzeko asmoa dago. Mobilizazio hauez gain, zerbait gehiago egiteko beharra dagoela uste baitute ostiralean Potxoenean bildutakoek. Edozein kasutan, hileroko elkarretaratzeak antolatzen jarraitu asmo dute. Hemendik aurrerakoen berri hain zuzen, otsaileko lehen ostiralerako, hilaren 1erako iluntzeko 20:00etan, Mikel Laboa plazan deitu duten elkarretaratzean emango dute.