2013ko Kultura Aholku Batzarraren lehen bilera deitu dute, etzirako, urtarrilaren 16rako. 18:30etan Potxoenean. Herriko kultur eragileek ahotan hartuko duten gaietako bat, diru-laguntza deialdi berria izango da. “Eskertuko genizueke aurreko urteko deialdirako ekarpenen bat egin nahi izanez gero, proposamena bilerara bertara ekartzea”, deia egin dute. Hilaren 16ko bileran, honako beste kontuok ere jorratuko dituzte aholku batzarreko kideek: aurreko bilerako akta onartzea (2012-11-06), kulturako web orri berria, Potxoenea erabiltzeko giltzak eta norberak bileran plantea dezakeen bestelako gaien bat.
Kultura Aholku Batzordea bosgarren urteurrena betetzear da. Urtarrilaren 30ean hain zuzen, eta datorren bilerarako egin den deialdiak 2008. urte hasieran martxan jarritako bilgunearen balorazioa jasotzen du: “Bost urteotako ibilbideaz pozik egoteko moduan gaudela uste dugu, oso aberatsa izan baita bertan elkarrekin egin dugun bidea”. Bide horren jarraipena izango da, asteazken honetako bilera.