Musika, otsailaren 9ko Inauteri Festako gaia

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 14a, 00:00

Hilabete baino gutxiago falta da Inauteri Festarako, otsailaren 9an ospatuko da aurten. Mozorro jairako gaia zehaztu berri da; aurtengoan, mozorrotzeko aitzakia musika izango da. Orain, buruari bueltak eman eta otsaileko bigarren larunbaterako jantzia diseinatzen hasteko garaia da. 

NOAUA! Kultur Elkartea edota Usurbilgo Gaztetxea partaide izango dituen ekimenak, azken urteotan izan dituen hainbat osagai ez ditu faltako. Baina berrikuntza nabarmenak izango ditu aurtengoan. Aurrerapen moduan, azken asteotan berri ematen joan garen moduan, erraldoiekin herrian zehar egin asmo den kalejira legoke. Atzorako deitua zegoen aipatu kalejira hau prestatzeko lehen entsegu saioa, Usurbilgo Gaztetxean. Baina berrikuntza gehiago ere izango da 2013ko Inauteri Festan. Zehaztasun gehiago, aurrerago.

Festa jendetsua, iazkoa
Aurreko urteetan baino herritar gehiago goizetik mozorrotuta, lagun talde batzuk karroza eta guzti, afaria ere ohi baino jendetsuagoa... Parte hartzea da, iaz ospatu zen Inauteri Festako adierazgarri nagusia. Lamiak, galtzagorriak edota Tartalo, baina baita mexikarrak, pailazoak, Barandiaran moto gainean ere... 2012koak inauteri koloretsuak izan ziren, itxura guztietako mozorroen desfilea. Zumartxan taldekoak eguerdi partean eta Burrunbazale txarangakoak iluntzean, ederki girotu eta berotu zuten Kaxko ingurua. Eta jendea gustura, batzuk atzetik kalejiran edota besteak dantzan. Eguraldiak lagunduta, eguerditik goizaldera, herritarrek kalean igaro zuten eguna. Euskal mitologia izan zen, iazko inauterietarako hautatu zen gaia.