Arratsaldeko itsasgoraren zain, bere bidetik ateratzeko gutxi falta du Oriak

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 15a, 00:00

Iragarpenak bete dira. Euri zaparrada mardulak botatzen ari da azken orduotan. Etenik ez dute gainera eta haize bolada gogorrak ditugu. Prezipitazio ugarion ondorioetako bat Oria ibaian dugu ikusgai. Astearte goiz parte honetan gutxi falta zaio gainezka egiteko. Zorionez, itsasbehera dugu orduotan eta horrek ur emaria handiagotzea saihestu dezake. 

Kale eta errepide bazterretan ur putzuak nonahi dira orduotan. Honenbestez, adi autoa hartu behar duzuenok. Herri bideetan ere, egoera ez da hobea. Ur putzu handiak topatu ditugu adibidez, Zubieta eta Santuenea artean. Goizaldean, urak zenbait baratza harrapatu dituela berri eman da.

Eusko Jaurlaritzak Uholdeen Arriskurako Larrialdi Plan Bereziaren aurre-larrialdi fasea aktibatu du, besteak beste, Oria ibaia zeharkatzen duten udalerriotan, "uholde arriskua dela-eta". Datozen orduotan gainera, aipatu arriskua handiagotu liteke. Itsas maila igotzen joango baita. Maila altuena, arratsaldeko 17:43rako iragarria dago.