Estrasburgok EAE-ANV legez kanporatzea berretsi du

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 15a, 00:00

2008an Espainiako Auzitegi Gorenak eta gerora Konstituzionalak ebatzitakoarekin bat egin du gaur, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Atzera bota du EAE-ANV alderdiaren defentsak legez kanporatzeari buruz aurkeztutako helegitea. Adierazpen askatasuna eta biltzeko eta elkartzeko askatasuna urratuak izan zirela argudiatuta aurkeztu zuen defentsak aipatu helegitea. Gaur goizean ordea, Estrasburgok ezagutzera eman du ebazpena. Epaileek aho batez, EAE-ANVren legez kanporatzean aipatu eskubide urraketarik ez dela egon diote. 

Legez kanporatzeko epaia kaleratu eta gutxira, 2008ko urrian, beste leku askotan bezala, Usurbilen ere hainbat mobilizazio burutu ziren. Kaleratu berri zen epaia salatzeko mozioa onartu zen egun haietan deitu zen ezohiko osoko bilkura batean. Bestalde, bi eguneko itxialdia burutu zuten udal ordezkari eta hainbat herri eragileetako ordezkariek, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Itxialdia, Kaxkoko kaleak zeharkatu zituen manifestazio batekin amaitu zen.