Datozen orduotan, alerta naranjan jarraituko dugu

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 15a, 00:00

24 orduko tartean metro karratuko 80 litro baino gehiago pilatzeko probabilitate handia dagoela eta, alerta naranjan gaudela gogorarazten ari dira Euskalmet meteorologia agentziatik. Gaur, "zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Kantauri isurialdean prezipitazioa oso ugaria izango da; bereziki ekialdean egunaren lehen partean eta bereziki mendebaldean bigarrenean", adierazi dute. 

Ordu beteko tartean metro karratuko 15 litro baino gehiago pilatzeko probabilitatea ere bada. Probabilitate txikia, eta honenbestez, horrengatik alerta horian jarraitzen dugu. Eta hau guztia gutxi izango balitz, haizeari dagokion abisu horia indarrean da arratsaldeko 15:00ak arte. Haizeguneetan 100 kilometro orduko haize boladak ere izan ditzakegula ohartarazi dute Euskalmet-etik. 

Faktoreokin, astearte honetarako eguraldi iragarpena ez da parte onekoa. "Asteartean ere euria erruz egiten jarraituko du, batez ere ipar isurialdean. Euria etengabe eta mardul egingo du, eta kantauri isurialdeko zenbait lekutan litekeena da metro koadroko 80 litro baino gehiago pilatzea. Hegoaldean ere euria egingo du, baina arinago eta gutxiagotan. Elur-kota 1000 m inguruan egongo da, baina zenbait lekutan bertako efektuen ondorioz, baliteke zertxobait beherago jaistea. Ipar-mendebaldeko haizea ere zakar ibiliko da, eta kostaldean eta mendi inguruetan oso zakar. Ebro bailaran, berriz, ziertzoak gogor joko du. Tenperatura apenas aldatuko den, eta balio altuenak 5 eta 10 ºC artekoak izango dira", berri eman dute meteorologia agentziatik. 

Alerta horian asteazkenean, hobetze aldera etzi
Biharko, "aldaketa gutxi; tenperatura maximoak gradu pare bat igo egingo dira, baina gainerakoan egoera apenas aldatuko den. Hirugarren egunez jarraian euria izango dugu hizpide, eta zaparradak botako ditu ia etengabe, nahiz eta asteartean baino zertxobait gutxiago egin. Gainera, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du. Tenperatura apur bat igoko da, eta elur-maila ere bai, 1200-1400 m-tik gora egingo du elurra". 

Egoerak apur bat onera egin dezakeela eta, bihar alerta maila jaitsiko dute; kolore naranjatik horira igaroko gara. Gaur bezala prezipitazioei eta haizeari loturiko alerta bana izango dugu asteazkenean. Batetik, metro karratuko 60 litro edo gehiago biltzeko probabilitate txikiari loturikoa, eta bestalde, "haizeari dagokion abisu horia haizeguneetan 00etatik 15etara (ordu lokala). Haizeguneetan mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditzeko probabilitatea txikia da".

Etzirako hobekuntza espero da. "Ostegunean euriak atseden pixka bat emango digu. Hala ere, lainotuta egongo da Bizkaian eta Araba mendebaldean, eta goizaldean euria egin dezake. Goizean, berriz, atertzera egingo du. Ekialdean zerua garbiago egongo da, eta baliteke izotza egitea mendi inguruetan. Elur-kota baliteke 1000 m-tik behera jaistea goizaldean, baina orduan apenas espero den euria. Ekialdeko haize fina ibiliko da, eta tenperatura jaitsi egingo da", iragarri dute Euskalmet-etik.

Hego Euskal Herri osoa alerta egoeran dugu gaur. Nafarroan elurteengatik, eta Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan euriteengatik. Araba alerta horian, eta Bizkaia eta Gipuzkoa alerta naranjan.