Gainezka egin du Oria ibaiak

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 15a, 00:00

Iragarpenak zoritxarrez bete dira, beste behin. Gaur arratsalderako iragarria zegoen itsasgorak eta azken orduotako euri jasek Oria bere bidetik aterarazi dute. Arratsaldeko 17:30etarako errioa gainezka zen Zubietatik hasi eta Aginagara arte. Bidean noski, kalteak eragin ditu jada. Bereziki, erriberetako baratzetan. 

Zubietan, Aliriko zubia auto eta oinezkoentzat itxi dute. Autoak ez, baina oinezkoak ikusi ditugu gainezka zetorren Oriari begira. Txikierditik Aliri zubirako bidea itxita egon arren, urak ez du harrapatu. Bai ordea, Babilonia baserria. Baratzak ur azpian zituzten, ura ia etxe atariraino heldu zaie, argazkiak ateratzen aritu garen unean. Aliri zubiaren beste aldean, Zubieta alderako bidea urpean zen, baita zerrategiko beheko solairu partea ere. 

Ugaldea industrialdeko zenbait lantokietara ere Oria ibaiko ura heltzear zen. Santuenean, Aialde Berri sagardotegikoak lanean ziren, gerta zitekeenaren aurrean neurriak hartzen, Oria ibaiak hartu duen altuerarekin, errioa etxetik gertu baitzuten. Ibaiaren beste aldean, sagardotegi pareko erriberetan zenbait langile ere lanean ikusten ziren. Alirikoan bezala, Santuenea Atallurekin lotzen duen zubian ere hainbat herritar zeuden panoramari begira. Euskotrenek Oria ibaia zeharkatzeko pasa behar duen zubiaren zati handi bat ere urpean zen. 

Txokoalden eta Aginaga inguruetan, erriotik gertuen dauden baratzak urpean, eta errio kontran dauden Txokoaldeko lehen eraikinen aurka indartsu talka egiten zuen Oriak. N-634 errepidean, ur putzuak nonahi, bereziki mendi kontretan. 

Larrialdi Planaren lehen maila aktibatu du Jaurlaritzak
Gauzak ondo bidean, itsasgora pasata, datozen orduotan egoerak onera egin behar luke. Baina egia da bestalde, euria egiten jarraitzen duela. Prezipitazioek ez dutela etenik. Alerta naranjan bizi ditugun orduok, batek baino gehiagok Oriari begira igaroko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak Larrialdi Planeko lau mailetan lehena aktibatu du, uholde arriskuagatik. Krisi mahaia deitu du.