Okerrena pasa da

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 16a, 00:00

Aliri zubitik zerrategira doan bidea duzue ondoko irudian. Argazkiak nabarmentzeko moduko ezer ez duela erakusten dirudi. Baina besteak beste, albiste dugu bide zati hau asteazken honetan. Atzo arratsaldean urpean baitzen, ez zen Zubietara doan pasabide honen arrastorik. Gaur ordea bai, egoera bere onera itzultzen ari den seinaleetako bat dugu. 

Oria ibaiak gainezka egin ostean, urak bere bidera itzultzen ari dira gaur. Zubieta, Santuenea, Txokoalde edota Aginagako erriberetan, atzoko uholdeek eragindako arrastoak nabariak dira. Zubietan adibidez, ondoko argazkiak erakusten duen eremu horretan, udal langileak garbiketa lanetan ari ziren. Ziur aski, erriberak kenduta, atzoko uholdeetan kaltetuena izan den eremua dugu. Errio ondoko bideetatik han eta hemen paseatzen zebiltzan herritarrak, edota autoz zihoazenak, Oriari begira aurkitu ditugu gaur goizean.

Oria ibaia ur askorekin zeharkatzen ari da gaur Usurbil. Atzoko euriterik ez dugu, ez gaude alerta naranjan, baina euriteengatik alerta horian jarraituko dugu asteazken honetan. Eguraldiak hobera egingo omen du bihar.

Urtebete pasatxoan udalerri honek bizi dituen bigarren uholdeak ditugu hauek. Halere, zerikusirik ez, 2011ko azaroko lehen asteburuan gertatu zenarekin. Orduko hartan, kalte materialak askoz handiagoak izan ziren.

Gainezka egin zuen Oria ibaiak
Iragarpenek bete betean asmatu zuten atzokoan. Atzo arratsalderako iragarria zegoen itsasgorak eta azken orduotako euri jasek Oria bere bidetik aterarazi zuten. Arratsaldeko 17:30etarako errioa gainezka zen Zubietatik hasi eta Aginagara arte. Bidean noski, kalteak eragin zituen jada. Bereziki, erriberetako baratzetan. 

Zubietan, Aliriko zubia auto eta oinezkoentzat itxi zuten. Autoak ez, baina oinezkoak ikusi ditugu gainezka zetorren Oriari begira. Txikierditik Aliri zubirako bidea itxita egon arren, urak ez zuen harrapatu. Bai ordea, Babilonia baserria. Baratzak ur azpian zituzten, ura ia etxe atariraino heldu zitzaien, argazkiak ateratzen aritu ginen unean. Aliri zubiaren beste aldean, Zubieta alderako bidea urpean zen, baita zerrategiko beheko solairu partea ere. 

Ugaldea industrialdeko zenbait lantokietara ere Oria ibaiko ura heltzear zen. Santuenean, Aialde Berri sagardotegikoak lanean ziren, gerta zitekeenaren aurrean neurriak hartzen, Oria ibaiak hartutako altuerarekin, errioa etxetik gertu baitzuten. Ibaiaren beste aldean, sagardotegi pareko erriberetan zenbait langile ere lanean ikusten ziren. Alirikoan bezala, Santuenea Atallurekin lotzen duen zubian ere hainbat herritar zeuden panorama ilunari begira. Euskotrenek Oria ibaia zeharkatzeko pasa behar duen zubiaren zati handi bat ere urpean zen. 

Txokoalden eta Aginaga inguruetan, erriotik gertuen dauden baratzak urpean, eta errio kontran dauden Txokoaldeko lehen eraikinen aurka indartsu talka egiten zuen Oriak. N-634 errepidean, ur putzuak nonahi, bereziki mendi kontretan. 

Alerta naranja indarrean egon zen egun osoan. Eusko Jaurlaritzak Larrialdi Planeko lau mailetan lehena aktibatu zuen, uholde arriskuagatik. Krisi mahaia ere deitu zuen.