Atzo baino gutxiago, baina euri zaparradak espero dira asteazken honetako ere. Alerta horian egongo gara egun osoan, metro karratuko 60 litro ere bota omen ditzake eta. "Zaparrada txiki-ertainak" iragarri ditu Euskalmet meteorologia agentziak. "Kantauri isurialdean prezipitazioa oso ugaria" izango dela diote.
Haizeari loturiko abisu horia ere izango dugu gaur. Iluntzeko 21:00ak arte, mendebalde eta ipar-mendebaldeko haizeak 100 kilometro orduko abiadura har dezake haizeguneetan. Egoera honetan, "Euri kontuekin jarraituko dugu. Zerua estalita eta oso astun egongo da egun osoz. Goizean euri txikia egingo du, gutxi orokorrean, baina arratsaldean eta gauean mardul eta etengabe egingo du berriro ere euria, bereziki kantauri isurialdean. Elur-kota 1500 m-tik gora egongo da ia egun osoan, baina gauean jaisten hasiko da. Mendebaldeko haizea ibiliko da, eta zakar joko du kostaldean. Giroa zertxobait epelagoa izango da, baina hala ere maximoek ez dituzte 12-13 ºC-ak gaindituko".
Bihar giro hobea izango omen dugu. "Ostegunean eguzkia ikusi ahal izango dugu, baina hotz egingo du. Goizaldean mendebaldean euri pixka bat egin dezake, baina orokorrean, egunez, giro eguzkitsua izango dugu, bereziki ekialdean. Ekialdean, goizaldean, zerua nahikoa garbi egongo da, beraz tenperatura nabarmen jaitsiko da eta izotza botako du. Gainerakoan, tenperatura 5 ºC inguruan geratuko da barnealdean, eta 10 ºC-ra ezinik iritsirik ibiliko da kostaldean", iragarri dute Euskalmet-etik.
Iragarpenen arabera beraz, denboralearen azken orduotan gaude. Halere, aipatu moduan, eurite eta haizeteengatik alerta horian jarraituko dugu gaur. Ibaiak ere hazita datozela ezin ahaztu. Eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren uholdeen aurkako planak ere indarrean jarratzen du.