Ugarten bizi diren gazteei eginiko elkarrizketa osoa, hemen

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 17a, 00:00

Urtarrilaren 18ko NOAUA! astekarian, galdera eta erantzunen zati handi bat kaleratu dugu. Hemen ordea, duela hilabetetik Ugarte baserrian bizi diren gazteei eginiko elkarrizketa osoa. Ugarte zergatik okupatu duten, nola bizi diren, edota etxebizitza arazoari buruz duten ikuspegia azaltzen dute lerrootan.


Abenduaren 16az geroztik, Ugarte baserria ez dago hutsik. Eraikinak bizilagunak ditu. Utzia zegoen baserriari erabilpena eman nahi dio bertan den gazte taldeak. Txukuntze lanetan dihardute azken asteotan. Ateak irekita dituzte eurekin egon nahi duten guztientzat. NOAUA! bertan izan da, gazteokin solasaldian.


Nolatan erabaki zenuten Ugarte okupatzea?
Hasieran Lasarteko beste etxe batean sartu ginen. Baina ez zigun konbentzitu hark, segituan atera ginen eta hona etorri. Ugarte ikusita genuen aspalditik. Gerora esan digute, nahiko jende egon dela hemen bizitzen. Etxe hau aukeratu genuen. Gustura gaude.

Zenbateko taldea zarete?
Zazpi pertsona gaude. Otsailean beste hiru lagun sartuko dira. Guztira hamar. Donostia, Lasarte, Hondarribia eta Zarautzekoak gara.

Zuen artean lehenagotik ezagutzen zineten, edo Ugarteko okupazioak batu zaituzte?
Egia esan, batzuk besteak baino gehiago ezagutzen ginen, gai sozialean interes bat genuelako. Kezka horren inguruan, okupazioa lana egiteko aukera ona zela, ideia hori genuen. Etxebizitzaren arazoarentzat alternatiba zela okupazioa. Taldeko zenbait kideek bazuten aldez aurreko esperientzia, baina taldeko gehienentzat etxebizitza bat okupatzen dugun lehen aldia da.

Abenduaren 16an okupatu zenuten Ugarte. Hilabete igaro da ordutik. Asteotako zuen egunerokoa nolakoa izan da?
Asanbladekin hasi ginen. Ia egunero asanblada egiten genuen. Hiruzpalau orduz hitz egiten egoten ginen. Gerora konturatu gara agian hobeto dela elkarbizitzarekin jarraitu eta ikustea nora garamatzan. Egunerokoan, goizean janari bila joateko altxatzen gara. Dendetara eta eskatzera, sobratzen zaiena. Jendea oso eskuzabala da. Bestela, eguneroko zereginak daude eta gero etxeko zereginak; erratza pasa, sukaldatu, ontziak garbitu... Eta etxeko zereginak, kristalak jarri, leihoak... Itoginak konpontzeke ditugu.

Nola aurkitu zenuten Ugarte, bertara sartzean?
Etxea guztiz hankaz gora aurkitu genuen. Beheko pisua, aurreko bizilagunek oso egoera txarrean utzi zuten. Beheko pisua zabortegi bezala erabiltzen zuten. Lehen pisura ailegatzen zen zakar ugari zegoen. Geletan baita. Geletan denetarik aurkitu dugu. Oro har, nahiko gaizki zegoen. Lurra ere leku batzuetan usteldua dago. Oraingoz garbitzen joan gara. Erabiliko ditugun gelak txukuntzen aritu gara, momentuz ez dugu dena txukunduko, bizitzera goazen tokia ondo jarri nahi dugu. Itoginak ere bagenituen lo egiteko erabiltzen dugun gelan. Pixkanaka, gune hau egokitu nahi dugu.

Txandak egiten ari zarete etxea hutsik ez uzteko. Kanporatuak izan zaitezketen ardurarik bai?
Gai horrekin gure artean nahiko tira birak izan ditugu. Azkenean sarrerako zerradura aldatu dugu eta lasaiago gaude. Lehen egunetan etxe jabea edo kaleko norbait sartu zitekeen, baina lasai bizi nahi genuen. Okupazioarekin bat dator hau. Oraindik ez dakigu jabeari buruz ezer. Aurrekoan, enpresa eraikitzaileko enkargatuak etorri ziren. Suposatzen dugu jabeak deituko zuela. Beraiek badakite jada eta oraindik ez dira etorri.

“EZ DUGU NAHI GURE ETXEA IZATEA, ERABILPEN BAT EMATEA BAIZIK"

Zuen esperientziatik, zer da eraikin bat okupatzea?
Erabili gabe dagoen espazio bat, kasu honetan eraikin bat, edo lurra, horri erabilera bat ematea. Etxe honi erabilera bat ematea bilatzen dugu. Ez dugu nahi gure etxea izatea, erabilpen bat ematea baizik. Eta ez saltzen ez delako, etekinak ematen ez dituelako, erabili gabe eta eraikina erortzen egotea. Etxe hau oso polita da. Baina zeharo utzia dute, ez dute zaintzen.

Etxebizitza arazoak eragindako adibide argi bat dugu hau. Hemen bizi zaretenoi nola eragiten dizue etxebizitza arazoak?
Denak gaude langabezian, hiru ikasle ditugu. Aldarrikapen modu bat ere bada hau. Etxe huts asko dago eta jendea kalean. Jendea okupaziora animatzen dugu. Alokairuan egon izan gara. Hemen ez da kontua etxe hau ez dugula ordaindu behar, baizik eta etxebizitza erosi edo alokatu ordez, nahiago dugula hau egin. Hasteko ez delako espekulatzaileei dirua ematea bultzatzen. Eta bestalde ere, pertsona bezala piloa ikasten da, elkar bizitzan, lanean.

Etxe gabetuek etxe huts bat okupatzeko duten eskubidearen alde dira batzuk, beste batzuentzat onartezina da kalean geratu direnek etxe huts bat okupatu ahal izatea. Zer diozue zuek?
Etxebizitza bat jabegoan izatea gauza bat da, eta bestea erabilpena ematen diozun edo ez. Justuena zer da, bost etxe eta hamar pertsona bagaude, bi pertsona etxe bakoitzean bizitzea. Hori da zentzuzkoena. Behar bat baduzu eta beste batek asetu ahal badizu, asetzea da logikoena. Jendea kalean dago, eta laguntzak eman beharrean ateak ixten zaizkie. Etxebizitza arazoarentzat irtenbidea behar dugu.

Une honetan irtenbiderik ez dagoela dirudi?
Ezin jakin nora goazen. Denbora gutxian aldaketa batzuk izan dira, esperantzagarriak direnak. Baina ikusiko dugu. Neurri batean, krisiari ondo aurre egiten badiogu, ondo etorriko zaigu, lehen baloratzen ez ziren hainbat gauza baloratzeko. Argi dago, krisia luzerako doala, duela bost urteko kontsumo bortitz hori ez dela itzuliko. Beste gauza batzuk baloratu beharko ditugu. Etxe batean egon, egoera prekarioan baina elkar bizitzan. Horrek ez du jaten emango, baina beste gauza batzuk emango dizkizu.

Jendarte indibidualista batean bizi garela, eta egoera hau gainditzeko irtenbideak kolektiboa beharko duela diote. Ados horrekin?
Bai eta berrikasi egin beharko dugu kolektiboan bizitzen. Zaila da, hain gaizki gaude ohituta.



"HEMENDIK PASATZEN DENAK AGURTZEN GAITU" 

Zer harrera jaso duzue Usurbilen?
Oso ona. Batez ere gaztetxeko jendea dugu ondoan, eta asko lagundu digute. Beti laguntzeko prest dira. Jende oso jatorra gainerakoan. Hemendik pasatzen denak agurtzen gaitu. Jendea kezkatzen da. Etorri ziren duela gutxi bi andre kafea hartzera eta esan ziguten ekarriko zigutela argia jartzekoa. Gizon bat ere etorri zen animuak ematera, etxe hau erabili beharra dagoela esatera.

Amaitzeko, besterik esan nahi zenukete?
Animatzeko. Gutunean jaso bezala, ilusioa egin zigun bi emakume haiek kafea hartzera etortzea. Hitz egiten egon ginen. Gustura hitz egiten dela, era guztietako jendearekin. Jendea etortzen bada egunero hona, hobeto.