Bizi dugun krisiari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Auzolanek, ostegun eta ostiral honetarako Potxoenean; zehazkiago esanda, nola aurre egin ziklo ilun honi. Bitan zatitu dute ekimena. Gaur, Nekane Jurado adituak (ondoko argazkian) parte hartuko du. Gure artean bizi dugun krisialdi ekonomikoaz jardungo du berak, 19:00etatik aurrera Potxoenean.
Ez du hitzaldi soila izatea nahi, eztabaida ere bultzatu nahi du Juradok. Beste eredu ekonomiko, alternatibo bat posible dela aldarrikatzen du. Intsumisioan, desobedientzian oinarrituko litzatekeena. Gogorarazten duenez, “ez badugu norabidez aldatzen, krisiak pobreziara garamatza”. NOAUA!ri adierazi dionez, bere esanetan, bestelako eredu bat gauzatzen hasteko, lehenik, garrantzitsua da “kontzientziatua izatea, hau ez dela krisialdi ekonomiko hutsa, baita baloreena ere”. Egungo eredua mantentzeko irtenbiderik ez dagoela dio, “egungo boteretik ezin da aldatu eredua. Estatuak ditu politikako instrumentuak. Eta ekonomia politika da azken finean”. Irtenbiderik bada ordea, bestelako eredu bat planteatzen bada. “Lokaletik erantzunak emanda, norbanakoak dituen beharrei”, dio Juradok. Bestelako eredu bat bultzatzeko proposamen zehatz bat ere egiten du; denboraren bankua bultzatzea.
Egungo ereduarekiko desobedientziaren alde agertzen da, baita independentziaren alde ere. Gai honi buruzko liburu bat argitaratua du. Aldarrikapen historikoa soilik ez, independentzia, gaur egun behar ekonomikoa dela defendatzen du. Langabeziari aurre egingo diona, parte hartzea bultzatuko duena, aberastasun banaketa orekatuagoa eragingo duena… “Aberastasuna pertsonok sortzen dugu”, adierazi dio NOAUA!ri Juradok. Alde horretatik, egungo sistema bultzatzen dutenen beldurrik handiena zein den gogorarazten du: “aldaketarako benetako boterea gugan dago. Horretarako kontzientziatu eta ezagutu behar ditugu gure posibilitate errealak zeintzuk diren. Krisialdi ekonomikoak irtenbide kolektiboa izan beharko du”. Lurralde txikia izan arren, Euskal Herriaren duen potentzialtasunean sinesten du.
Herri eragileen parte hartzea
Juradorekin batera, Greziako lagun batek parte hartuko du ostegun honetako saioan. Bere sorterrian bizi duten egoera azalduko du Potxoenean. Bihar berriz, herri eragileek hartuko dute hitza. Krisialdiari aurre egiteko dituzten proposamenak planteatuko dituzte. Gero, horiek eztabaidatu eta estrategia adostu bat martxan jarri nahi dute.
EGITARAUA
Urtarrilak 17, osteguna
19:00 Potxoenean: “Zer egin dezakegu krisiaren aurrean? Zer gertatzen ari da Grezian?”. Hizlariak: Nekane Jurado eta greziar bat.
Urtarrilak 18, ostirala
19:00 Potxoenean: Krisiari aurre egiteko udal eta herri eragileen proposamen zehatzen aurkezpena. Gerora, udaletxean eztabaidatu eta estrategia bat
Antolatzailea: Auzolan.