Donostiari aurre hartu dio Usurbilek, danborradak ospatu dira jada

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 18a, 00:00

San Sebastian eguna igandean ospatuko da, larunbat gauerditik aurrera. Baina ohi bezala, Donostiara baino lehen heldu dira danbor hotsak Usurbila. Normalean, San Sebastian egunaren bezperan Udarregi Ikastolako ikasleek emanaldia eskaini ohi dute. Aurten ordea, hilaren 19a larunbatez egokitzen denez, egun bete aurreratu eta gaur bazkalostean sukaldari txapelarekin, makilak eskutan eta danborra gerri bueltan lotuta atera dira Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak. 

Neurri batean, eguraldiak baldintzaturiko emanaldiak izan dira aurtengoak. Lehen Hezkuntzakoak normaltasun osoz, ikastolako patioan danborra jotzen aritu diren artean, euria egin zezakeela eta, Agerialden atzeko jolastokian izan beharrean, frontoi estalian eskaini dute saioa Haur Hezkuntzako ikasleek. Halere, ateri eutsi dio danborradek iraun duten artean.

Gainerakoan, urteroko irudia errepikatu da. Bai Agerialden, baita Udarregiko eraikin gorriko patioan, haurren guraso eta senideak argazki kamerekin erretratu onenak ateratzen, edota euren seme-alabak bideoz grabatzen ikusi ditugu. 

Danborra joz agurtu dute ostirala eta aste hau Udarregi Ikastolakoek. Astelehenean itzuliko dira ikasgeletara. Hilaren 21etik aurrera, inauteriei begira jarriko dira ikasle eta irakasleak. Otsailaren 8an, ohiko kalejira eta Kiroldegiko emanaldiarekin ospatuko dute mozorro festa.

Zubietan baita
Udarregi Ikastolan bakarrik ez, Zubietako Eskola Txikian ere ikasleen danborrada saioaz gozatzeko aukera izan dute, Eskola Txikian bertan.

DANBORRADA SAIOEN HITZORDUAK
Hauxe beraz, gaurko danborrada saioen ordutegiak:

Udarregi Ikastolan
15:45
 HHkoen emanaldia Agerialde atzeko jolastokian. Euria egingo balu, frontoi estalian egingo litzateke.
16:00 LHkoen emanaldia Udarregi Ikastolako patioan. Euria egingo balu, eraikin gorriko Erdiko Aretoan burutuko da.  

Zubietako Eskola Txikian
16:15 Ikasleen emanaldia, Eskola Txikian bertan.

GARRAIO ZERBITZU BEREZIAK SAN SEBASTIAN BEZPERA ETA EGUNERAKO
EuskoTrenek garraio zerbitzua indartuko du larunbat gau honetan, San Sebastian bezperako gauan alegia,  Donostiara joateko. Gauerditik aurrera, Usurbildik Donostiara joateko tren zerbitzua izango da 60 minuturo, ordu hauetan: 23:54, 0:54, 1:54, 2:54, 3:54, 4:54, 5:54, 6:54. Donostiako Amarako geltokira, 14 minututan helduko da trena.

Donostiatik Usurbila heltzeko baita, gau osoan zehar tren zerbitzua izango da: 22:50, 23:50, 0:50, 1:50, 2:50, 3:50, 4:50, 5:50.

San Sebastian egunean ere tren zerbitzua indartuko du Euskotrenek. Usurbildik Donostiara, igandeetako ohiko zerbitzuez gain, orduotan ere hartu ahal izango da trena udalerri honetan, Gipuzkoako hiriburura joateko: 10:54, 11:54, 12:54, 13:54, 14:54, 15:54, 16:54, 17:54, 18:54, 19:54, 20:54, 21:54. 

Donostiatik bueltatzeko, ohiko zerbitzuez gain, orduotan ere abiatuko da trena hiriburututik Usurbila: 9:20, 10:20, 11:20, 12:20, 13:20, 14:20, 15:20, 16:20, 17:20, 18:20, 19:20, 20:20. 

Autobusa erabiltzen duzuenontzako oharra
San Sebastian egunez (igandea), Haur Danborrada dela eta, Lurraldebus autobusak ez ditu ohiko geralekuak izango Donostian. 10:30-14:30 artean, autobusa Usurbildik Donostiara heltzean, San Martin kaletik Easora sartu eta handik Pio XIIra joango da. Geralekua, Easo kalearen bidegurutzean egingo du. Gipuzkoako hiriburuan, Usurbila bueltatzeko autobusa hartu behar duzuenok, adi, Askatasuna etorbideko geltokitik ez baita pasako autobusa, 10:30-14:30 artean. Lurraldebus autobus zerbitzuko geralekua, Zubieta kaleko 14. zenbakian kokatuko da. 

Informazio gehiago: euskotren.es edo 902 543 210.