Alertan berriz asteburu osoan, eurite eta haizeteengatik

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 18a, 00:00

Eguraldia berriz albiste astebururako. Aste hasierako uholdeen ostean, berriz ere alertan egongo gara asteburu osoan, eurite eta haizeengatik. Ez da aste hasierako hainbesteko prezipitazio kopurua espero. Baina euria gogotik botako duela diote iragarpenek, eta haizeak gogor joko duela.

Alertei dagokienez, 60 litro metro karratuko edo gehiago egiteko arriskua dagoela dio Euskalmet meteorologia agentziak. Eta honenbestez abisu horian egongo garela, prezipitazio "ugari eta iraunkorrak" izango ditugulako, zenbait lekutan "prezipitazio handia eta trumoitsua". Ordu betean metro karratuko 15 litro bota ditzake euritan. Euriari loturiko alerta horia, igande eguerdiko 12:00etara egongo da indarrean. 

Prezipitazioei loturiko alertaz gain, beste bi abisu hori izango ditugu astebururako. Bat haizeari dagokiona, larunbat eguerditik gauerdira indarrean egongo dena. 100 kilometro orduko haize boladak espero dira haizeguneetan. Iganderako bigarren alerta, 800-1000 metro artean elurra egin baitezake.  

Uholdeen Planak indarrean jarraituko du
Azken egunotako euri jasek eragin dituzten uholdeak direla eta, badaezpada, Eusko Jaurlaritzak Uholdeen Plana indarrean mantenduko duela berri ematen dute. Mailarik baxuenean, zero fasean. Panorama honekin, hauxe da, asteburu haizetsu eta euritsu honetarako Euskalmet-etik iragartzen ari direna:

Bihar, "eguraldi oso ezatsegina espero dugu; euria erruz egingo du eta haizea ere zakartu egingo da. Goizean hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta giroa nahikoa epela izango da, eta nahiz eta euria etengabe egin, orokorrean euri txikia egingo du. Baina arratsaldean haizea iparraldera aldatu eta asko zakartuko da, tenperatura nabarmen jaitsiko da, eta euria gogotik egingo du. Baliteke, orduan, elur-maila 1000 m-tik behera jaistea".

Igandean, "euria egiten jarraituko du, baina aterrune batzuk izango dira, eta arratsaldean atertzera egingo du. Elurra beherago ikusiko dugu, 1000 m-tik behera, eta hotz egingo du: kostaldean 10 ºC-ra nekez iritsiko gara, eta barnealdean 5-6 ºC-ra. Goizean ipar-mendebaldeko haize zakarrak hotz sentsazioa areagotu egingo du, baina arratsaldean indarra galduko du. Ebro bailaran ziertzoak gogor joko du".