Urtarrilaren 26a egokitu da oraingoan, hilabete honetako azken larunbata. Ohi bezala, egun horretarako antolatu du Usurbilgo Kantu Taldeak, hileroko kantu-jira. 19:00etan hasiko dute emanaldia, Mikel Laboa plazan. Oraingoan ordea, ekitaldia berezia izango da. Egun berean, Usurbilen ospatzekoa den Korrika Omenaldiaren baitan burutuko baita, urtarrileko kantu-jira.
Entseguak, asteartero
Kantu jiraz gain, astean behin biltzen dira Kantu Taldekoak entseguetarako. Gabonetako etenaldiaren ostean, hilaren 8an ekin zioten berriz prestaketa lanei. Asteartero biltzen dira, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolan, Susi Elosegi irakaslearen gidaritzapean.
Herritarrak kantu taldean parte hartzera gonbidatzen dituzte. Izen ematea, 5 eurokoa da. Kantu Taldetik berri eman dutenez, "gurean edonork har dezake parte. Euskal Kantak ikasteko eta kantatzeko gogoa edukitzea nahikoa da. Gure kantagintza sustatuz eta transmitituz aurrera jarraituko dugu euskaraz abestea nahi dugulako, gure kultura eta izaera propioa adierazi nahi dugulako, gure herria maite dugulako... Azken batean, abesten duen HERRIA ez da inoiz hilko!".
Zenbait berrikuntza txertatu dituztela ere gaineratu dute Kantu Taldekoek, eta Santa Ageda bezperari begira daudela jada. "Aurten kantu berriekin (zaharrak birkantatuz) hasi gara: Mikel Markezen "Hiri hartan izan zen", Uxue Alberdiren "Zure besarkadari jarriak", herrikoia den "Lelotxo montañako" edo Zea Maysen "Negua joan da ta", besteak beste. Santa Ageda bezpera ere bertan dugunez entseguetan sartuko gara datorren astean", adierazi dute.
Irudia: Kantu Taldea.