Urtarrilaren 26an Usurbilen ospatuko den Korrika Omenaldirako sarrerak salgai jarri dituzte jada. 10 eurotan eskura daitezke, Aitzagan, Txirristran eta Etumeta AEK euskaltegian. Datorren asteko larunbatekoa, euskararen aldeko Euskal Herri mailako jaialdia izango da. Martxoan ospatuko den Korrikak egingo duen moduan, euskara ikasten ari direnak omenduko dira hilaren 26an.
Jaialdia frontoian eta Dema plazan burutuko da. Goizetik gauerdira luzatuko den sagardo festa izango da. Eguerditik aurrera kupelak ireki eta sagardoa edan ahal izango da. Jatekorik ez da faltako. Ezta ekitaldirik ere. Euskara ikasten ari direnak omenduko dituzte arratsalde partean. Erromeria eta kantu-jira izango dira gero. Eta eguna amaitzeko, Korrika 18ren kanta sortu duen Esne Beltza taldekoen kontzertua frontoian. Emanaldi honetarako, sagardoa edan eta jaialdi gunean bazkaltzeko, 10 euroko sarrera ordaindu beharko da. Bildutako laguntza, Korrikara bideratuko da. Urtarrilaren 26ko jaialdi eguneko egitarauaren nondik norakoen berri, ondoko irudian klikatuta jaso dezakezue.