Ikasleak omenduko dituzte, larunbateko Korrikaren jaialdian

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 21a, 00:00

Martxoko euskararen aldeko lasterketa girotuko duen Korrika Kulturala abiatzeko Usurbil hautatu da. Euskara ikasten ari direnak omendu asmo dituzte, larunbaterako antolatu duten jaialdiaren bidez. Korrika Omenaldia izeneko ekimena, goizetik gauerdira luzatuko da. Txotx erraldoia antolatu dute frontoian eta Dema plazan. Goizeko kaleko animazioaren ostean, eguerditik aurrera, sagardoa edan eta bertan bazkaldu ahal izango da. Arratsaldean, ikasleak omentzeko ekitaldi berezia burutuko da, eta ondoren, erromeria ospatuko da frontoian. Kantu-jiraren ostean, iluntzean, Esne Beltzaren kontzertua ospatuko da. Esne Beltzak sortu du hain zuzen, martxoaren 14an Andoainen hasi eta hamar egun beranduago Baionan amaituko den Korrika 18ren abestia.

Dema plazan eta frontoian ospatuko den jaialdirako sarrerak 10 eurotan eskura daitezke jada, Etumeta AEK euskaltegian, Txirristran eta Aitzagan. Hona hemen, larunbatean Usurbilen ospatuko den jaialdiko egitaraua:

Goiz osoan zehar, kale animazioa: trikitilariak, txarangak...
13:00 Bertsolariak eta kupelen irekiera.
14:30 Bazkaria.
16:30 Ekitaldi nagusia.
18:00 Erromeria.
19:00 Kantu jira.
21:00 Esne Beltzaren kontzertua.

Kontzertu gaua Gaztetxean
Korrika Omenaldia larunbat gauerdirako amaituko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Esne Beltzaren kontzertua bukatzearekin batera hain zuzen. Jarraian, kontzertu gaua antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak. Makulu Ken eta Mendeku Itxuaren emanaldiak programatu dituzte, Alkartasuna kooperatibako egoitza ohian.

"Urtarrilaren 26an Korrika kulturala jaia Usurbilen izango dela probestuz gaztetxekook egitarau propioa antolatu dugu egun bererako. Kontzertu gaua izango da gauerditik aurrera gaztetxean Makulu Ken eta Mendeku Itxua taldeekin. Ateratako dirua korrikako kilometroa erosteko erabiliko da. Makulu Ken taldeak diska berria kaleratu du, eta orain, zuzeneko emanaldietan aurkezten ari dira. Hegoaldeko usainak nahastu dizkiote rocka, reggaea eta funkyari, afrobeat euskaldun edo euskalafrobeat-a sortuz. Ez dira oso abilak, ez eta langilerik finenak ere. Pixkat lotsagabeak eta bizio askokoak dira: Ahozikinak, basati xamarrak, maitakorrak, ameslariak, berritsuak, utziak, sexuzale, gordin, goxo eta lizunak... baino beriaen musikak barruak astintzen ditu! Mendeku Itxua herriko talde heavy beteranoak aspaldian herrian emanaldirik eman ez duenez, gogotsu etorriko dira gaua infernurantz gidaraziz, beraien kantutegi osoari errepaso emango diotelarik. Usurbildarrak ez dute huts egingo eta saltoka jarriko dute jendea ereserki bihurtu diren beraien abesti klasikoekin!!!!!", berri eman dute gaztetxetik.


Ginkanan parte hartzeko deia
Korrika 18ren aldeko laguntza jasotzeko ekimen berri bat antolatu dute, "Lekukoaren bila ginkana" izeneko proba eta pista jolasa. Animatzen direnek, zortziko taldea osatu eta urtarrilaren 28ra arte, tabernetan jarrita egongo diren zerrendetan izena eman beharko dute. Taldekide bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu. Partaide bakoitzak trukean kamiseta bat jasoko du. "Probei dagokienez, askotarikoak izango dira, esfortzu fisiko apur bat, talde-lana, punteria ona, koordinazioa, oreka, trebetasuna, lotsa eza… eskatuko dutenak", berri eman du korrika.org atariak. Aipatu web orrialde horretan sartuta, informazio gehigo jaso liteke. 

Udalerri arteko lehiarekin hasiko da ginkana. Herrialde mailako kanporaketak jokatuko dira martxoko lehen hamabostaldian. Eta azkenik, ginkanaren final handia, Korrika 18 helmugara iristen den egunean ospatuko da. Martxoaren 24an, Baionan.