Igande honetan ospatuko den "Hotzak akabatzen" bizikleta bidezko mendi zeharkaldirako aldez aurreko izen ematea ixtear da. Etzi, hilaren 23an izango da azken eguna. Inskripzioa on line egin daiteke asteazkenera arte. Federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, 15 euro gainerakoek. Diru sarrera bankuan edo transferentzia bidez egin daiteke. Rural Kutxan, Jorge Beorlegiren izenean, kontu korronte zenbaki honetan: 3008 0259 18 2474609522. Kontzeptuan, partaidearen izen abizenak jarri. Horrekin batera, andatzamendizale.info web orrian eskura daitekeen formularioa bete behar da. Ordainagiria eta lizentzia aurkeztu beharko dira gero, proba egunean bertan. Urtarrilaren 27an halere, izena emateko aukera egongo da, 8:30-9:15 artean. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 20 euro.
Iaz ospatu zen estreinako edizioak izan zuen harrera ikusita, Irisasi BTT taldekoek "Hotzak akabatzen" trabesia antolatu dute berriz, iganderako. Goizeko 9:30etarako jarri dute proba hasteko hitzordua frontoian.
Zeharkaldian 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Bizikletarekin batera, kaskoa eramatea ezinbestekoa izango da. Proba ez da lehiakorra izango. Amaieran, barrikote eta guzti, hamaiketako bikaina dastatu ahal izango da. Eta opariak zozketatuko dituzte.