Sorturen eratze prozesuko bilera larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 21a, 00:00

Azken txanpan da Sorturen eratze prozesua. Larunbat honetarako batzarra deitu dute, goizeko 10:00etan Potxoenean. Barne antolaketa eta funtzionamendu ereduari buruz jardungo dute aipatu hitzorduan. Eztabaida saio honetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Batzarretan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Sortu guztion artean eratzen baita, ikuspuntu anitzez, eztabaida kritikoz eta ahots guztiekin. Batzarretan eztabaidarako ohitura sortu nahi dugulako, gure kezkak eta iritziak jaso nahi ditugulako, prozesu honetatik etorkizuneko herri eta auzo batzar erabakitzaileak sortu behar direlako", nabarmendu dute deitzaileek.

Aurreko bileretan landutako oinarri ideologikoen txostenari dagokionean, 400 emendakin alternatibo jaso direla berri eman du usurbileginez.com web orrialdeak. "Bozketari begira, 33 arlori egindako 90 emendakinetan bildu dira", gaineratu dute. Gai honi, eta oro har, Sorturen eratze prozesuari buruzko argibide gehiago web orrialde berean edo sortu.net atarian.

Sortu kongresu bidez eratuko da, otsailaren 23an.