Larunbatean Usurbilen ospatuko den euskararen aldeko Euskal Herri mailako jaialdirako hiru egun faltako direnean, bihar jendaurrean aurkeztuko dute antolatzaileek, urtarrilaren 26ko Korrika Omenaldia. Goizeko 11:30etan izango da, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan (Plaza Barria 15). Korrika.org atariak aurreratu duenez, Korrika 18ren arduradun Edurne Brouardek, AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak, edota zenbait ikasle omenduk parte hartuko dute ekitaldian. Baita, Eriz Zapirainek ere. Euskara ikasten ari direnak omentzeko bideoa zuzendu eta egin du berak. Ikus-entzunezko lan hau ere bihar goizean aurkeztuko dute, larunbatean Usurbilen ospatuko den jaialdiaren zehaztasun guztien berri ematearekin batera.