Bildu agintean dagoen udaletan, besteak beste Usurbilen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalak elkartzen dituen Eudel erakundeari diru gehiago ez ematea erabaki dute. Honen berri prentsaurreko bidez eman dute gaur, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Bilduren esku dauden udalen izenean, Ibai Iriartek eta Joxean Llagunok, Tolosa eta Sopuertako alkateek hurrenez hurren. Ez dute jarreraz aldatuko, diotenez, Eudel erakunde barruko "eztabaidari ateak zabaldu arte". Elkarte barruko helburu eta funtzionamenduen inguruko eztabaida sakona zabaldu beharra dagoela nabarmendu eta eragile politiko desberdinen arteko oinarrizko adostasuna lortu beharra dagoela defendatzen dute, "Eudel beste norabide batean jartzeko eta eredu desberdinek bertan tokia izan dezaten". Bilduk Eudelen parte hartzeko nahia erakutsi du eta aipatu erakundea Udalbiltzarekin bateragarria dela irizten diote.