Agerreazpiko udal baratzetan, izen emateko azken eguna bihar

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 22a, 00:00

Asteazken hau, urtarrilaren 23a, Agerreazpiko babes ofizialeko etxebizitzen ondoan kokatuko diren udal baratzetan izen emateko azken eguna izango da. Herritarrek lurra lantzeko aukera izango dute gune honetan. 30 metro karratuko partzelak esleituko ditu Udalak. Herritarrek halako lur eremu bat edo bi eskatu ahal izango dituzte. Eskatzaileen artean lehentasunak finkatu ditu Udalak. Lehentasun taldeok, langabetu, jubilatu, pentsiodun, 25 urte arteko gazte edota konpostatze komunitarioetako arduradunek osatuko dituzte. Eskaerak udaletxean aurkeztu beharko dira. 

LOKALAK, ETXEBIZITZA TASATU GISA ESLEITZEKO DEIALDIA
Bestalde, lokal komertzial izandako etxebizitzak prezio tasatuan esleitu asmo ditu Usurbilgo Udalak, zozketa bidez. Zozketarako hain zuzen, salmenta eta alokairu bidezko esleipenekin zerrenda bana osatu asmo dute. Urtarrilaren 31ra arte izen emateko aukera dute interesdunek, zerrenda hauetan. Eskaerak eta beharrezko dokumentazioa udal erregistroan aurkeztu beharko dira.