Sorturen larunbateko batzarrean parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 23a, 00:00

Azken txanpan da Sorturen eratze prozesua. Kongresu bidez eratuko da otsailaren 23an, baina aurrez, azken hilabeteotan herrietan antolaturiko azken bilerak burutuko dira asteotan. Usurbilen, larunbat honetarako, urtarrilaren 26rako, batzarra deitu dute goizeko 10:00etatik aurrera Potxoenean.

Barne antolaketa eta funtzionamendu ereduari buruz jardungo dute aipatu hitzorduan. Eztabaida saio honetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute. Larunbateko hitzorduari begira, testu hau bidali du NOAUA!ra Usurbilgo Sortuk:



SORTUren eratze prozesuko azken txanpan sartzera goaz, eztabaidarako azken batzarra dugu aurrean, antolakuntza ereduari buruzko batzarra hain zuzen ere. Batzarretan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, SORTU guztion artean eratzen baita, ikuspuntu anitzez, eztabaida kritikoz eta ahots guztiekin. Batzarretan eztabaidarako ohitura sortu nahi dugulako, gure kezkak eta iritziak jaso nahi ditugulako, prozesu honetatik etorkizuneko herri eta auzo batzar erabakitzaileak sortu behar direlako.

Egindako lanari esker garai berriak ireki ditugu eta gure proiektuaren garapenerako tresna berria daukagu: SORTU. Tresna berria da bai, baina ez gara hutsetik abiatzen, urte askotako lana daukagu ondare eta hori finkatzeko egiten dugu prozesua. Zerotik abiatzen ez garen bezala, eztabaida prozesuak ez du bukaerarik. Bai, egitura erabakitzeko eta guztion artean finkatutako ideiak (oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolakuntza eredua) aurkezteko kongresu bat daukagu epe hurbilean, baina hori beste hasiera bat besterik ez da. Hortik aurrera finkatutako zehaztu eta garatu beharko dugu eta horretarako guztion arteko hausnarketa, eztabaida eta lana beharko ditugu aurrerantzean ere.

Antolaketa ereduaz gain, batzar horretan Sortuko egituretan parte hartuko duten pertsonen izen-abizenak ere aurkeztuko dira, hots, kontseilu nazionalean, herrialdeko kontseiluan eta herriko kontseiluan parte hartzeko proposatu diren pertsonak, otsailaren 16an egingo den azken batzarrean, berretsi eta dagokion kasuan, bozkatzeko.

Datorren urtarrilaren 26an, goizeko 10.00etan, Artzabalen, SORTUren barne antolaketa eta funtzionamendu ereduaren inguruko eztabaidan parte hartu dezazun gonbidapena luzatzen dizuegu. Zuen inguruan gaiarekin interesaturik legokeen lagunen bat izango bazenute, zuek ere gonbidatu dezakezue.

Usurbilgo Sortu