"Eman euskara elkarri", hauxe martxoaren 14tik 24ra ospatuko den Korrika 18ren leloa. Euskara ikasten ari direnak omendu asmo ditu bi urtean behin ospatzen den euskararen aldeko datorren lasterketak. Korrikaren aurtengo leloaren eta omenduen harira hain zuzen, AEK eta Korrikako ordezkariek bideo bat aurkeztu dute gaur goizean, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan.
Eriz Zapirainek zuzenduriko ikus-entzunezko lan honetan, euskara elkarri ematen agertzen dira hain zuzen, Euskal Herriko hainbat aurpegi ezagun eta euskaldun berri; euskarari buruz edota euren zaletasunei buruz solasean. 25 minutuko ikus-entzunezko lan hau egiten lagundu edota bertan parte hartu duten guztiei, eskerrak helarazi nahi izan dizkiete Korrikako antolatzaileek; zehazkiago esanda, "Iñaki Perurena eta Gilen Moralesi, Arantxa Urretabizkaia eta Rakel Navarrori, Mixel Etxebest eta Laurence Hourcouirigarai, Unax Ugalde eta Rakel Vivancori, Karlos Argiñano, Eva Argiñano eta Olga Loperari, Iñaki Goirizelaia eta Julen Rodriguezi, Ana Urrutia eta gaur gurekin dugun Ian Cabrerari, Eriz Zapiraini eta jakina, euskara ikasten ari zareten lagun horiei guztiei". Bideoaren trailerra, ikusgai duzue korrika.org atarian.
Ikus-entzunezko lan hau bakarrik ez, euskara ikasten ari direnak omentzeko larunbaterako Usurbilen antolatu duten jaialdia ere ekitaldi berean aurkeztu dute gaur. "Itzela da euskara ikasleek euskarari egiten dioten ekarpena. Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omentzeko egun osoko jaia antolatu dugu larunbatean Usurbilen", berri eman dute antolatzaileek, Korrika.org atariak jaso duenez.
Euskal Herriko hedabide nagusietako atarietan iragartzen ari dira, larunbatean Usurbilen ospatuko den jaialdia.
Irudia: korrika.org