Erraldoien kalejira larunbat arratsaldean, Korrika Omenaldian

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 23a, 00:00

Larunbatean Usurbilen ospatuko den euskararen aldeko Korrika Omenaldiaren egitaraua ekitaldi gehiagoz hornitzen ari da, hitzordua gerturatu ahala. Jakin berri dugunez, erraldoien kalejira antolatu dute arratsalde parterako. 17:30etan abiatuko da kalejira Usurbilgo Gaztetxetik, eta Kaxkoan zehar ibiliko dira. Euskara ikasten ari direnei egingo zaien omenaldiaren ostean, eta erromeria hasi aurretik burutuko da kalejira. 

Hiru egun barru ospatuko den Korrika Omenaldia gauerdira arte luzatuko da. Eta gauerditik aurrera, Usurbilgo Gaztetxean kontzertuak antolatu dituzte; Makulu Ken eta Mendeku Itxua taldeen emanaldiak. Gau horretan bildutako laguntza, Korrika 18ko kilometroa erosteko baliatuko dutela berri eman dute gaztetxetik. 

Sarrerak salgai
Ekitaldioz gain, aipatu moduan, goizetik gauera, egun osoz burutuko diren ekitaldiak ditugu; kale animazioa lehenik. Txotx irekiera 13:00etan, bazkaria gero. Eta arratsaldean, euskara ikasten ari direnei egingo zaien omenaldia eta erromeria programatu dituzte antolatzaileek. Gauean, Esne Beltzaren kontzertua. Emanaldi hau ikusteko, sagardoa edan eta bazkaltzeko, 10 eurotan salgai dira sarrerak Etumeta AEK euskaltegian, Txirristran eta Aitzagan. 

Dema plazan eta frontoian larunbatean burutuko den Euskal Herri mailako jaialdiaren egitaraua, honako hau izango da:

Goiz osoan zehar,
 kale animazioa: trikitilariak, txarangak...
13:00 Bertsolariak eta kupelen irekiera.
14:30 Bazkaria.
16:30 Ekitaldi nagusia.
17:30 Erraldoien kalejira, Usurbilgo Gaztetxetik abiatuta.
18:00 Erromeria.
19:00 Kantu jira.
21:00 Esne Beltzaren kontzertua.
Gauerditik aurrera, kontzertu gaua Usurbilgo Gaztetxean: Mendeku Itxua eta Makulu Ken.