Beste eredu baten beharra azpimarratuz, hasi dira gaurko iragarriak zeuden jardunaldiak

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 24a, 00:00

Harrera jendetsua izan dute, gaurko eta biharko antolatu diren elikadura burujabetzari eta finantza etikoei buruzko jardunaldiek. Gaur Usurbilen eta bihar Zerainen burutzekoak diren tailer eta hitzaldiek piztu duten interesaren lekuko izan da Sutegiko auditorioa, gaur goizeko lehen orduan. Askotan ikusi ez den jende kopurua zen bertan, goizerako iragarriak zeuden ekitaldiak gertutik jarraitzeko prest.

Jardunaldiok aurkezpen orokor batekin hasi dituzte, egitaraua zein izango den azalduz. Ekitaldi berean, erakundeetako ordezkariek parte hartu dute. Usurbilgo Udalaren izenean, Mertxe Aizpurua alkateak eta Foru Aldunditik, Ogasun Saileko ordezkari Itziar Miner eta Kooperazio Saileko zuzendari Arantzazu Santos etorri dira.

Udala, Fiare Fundazioko kide
Gaurko eta biharko ekimenok burutzeko Usurbil hautatu izana eskertuz hasi du Usurbilgo alkateak, aurkezpen ekitaldia. “Datu ezkorrak gailentzen diren” honetan, eztabaida, pentsamendua eta alternatibak mahai gaineratzea pozgarritzat jo du Aizpuruak. Via Campesinarekin  batera, jardunaldiok antolatu dituen Fiare erakundea ere ahotan hartu du alkateak. Egitasmo hau Usurbilgo Udalean ezaguna dutela adierazi du, ordezkaritza bat “udan Ogasun Batzordera”  gonbidatu zutela adierazi baitu. Honez gain, berri eman duenez, duela bi hilabete Udalak eta Fiarek hitzarmena sinatu zuten. Ordutik, beste hainbat eragile eta erakundeekin batera, Usurbilgo Udala “Fiare-ko bazkide” dugu. Fiare, banka etikoari loturiko fundazioa da. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bere web orrialdea honako hauxe duzue: proyectofiare.com. 

Banka etikoa eta elikadura burujabetasuna, jardunaldion ardatz nagusiak elkarren artean lotu ditu alkateak. Gauza bera direla dio, baloreei dagokienez: “elkartasuna, elkarlana, bizitzeko modu berriak” bultzatzen baitira. “Pauso txikien bidez”, egungo eredua aldatzeko beharra nabarmendu du Aizpuruak. “Behetik gora”, hau da herritarrengandik hasita, erakundeetara.

Beka deialdia, emakume baserritarren inguruko historia jasotzeko
Udalak esku artean duen egitasmo berri bat ere aurkeztu du jardunaldion hasieran. Duela bi egun, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen udal deialdi baten berri eman du. Parekidetasun Sailetik Usurbilgo emakume baserritarren historia jasoko duen beka deialdi bat egin berri baitu Usurbilgo Udalak.

Udalaren ostean, Foru Aldundiko ordezkariek hartu dute hitza. Ogasun Saileko ordezkari Itziar Minerrek hain zuzen. Aldundiak bere komunikazio kanpainetarako baliatzen duen leloa ekarri du gogora; “Gipuzkoa berri bat”. “Posible ikusten dugu, beste eredu baterantz ibilbidea egitea, pauso txikiekin”, adierazi du. Euren eskumenetatik, euren lan esparrutik beste eredu baterantz, zertan diharduten azaldu du. Hiru lan esparru nabarmendu ditu: zerga eta aurrekontu politikak, eta lanketa moduak.

Batetik, zerga politikako erreforma garatzen ari direla adierazi du Minerrek, “jendarte solidarioago bat izateko”. Gehien duenak ekarpen handiagoa egitea bultzatu nahi dute Aldunditik, baita iruzur fiskalari aurre egin ere. Fortuna handiena bezalako zergekin, balore berriak txertatu nahi dituzte. Iragarri dutenez gainera, 2013an zehar sozietateen gaineko zerga erreformatu asmo du Aldundiak. Batzar Nagusietan jada finkatu dituzte irizpideak.

Sektore publikoa indartzeko beharra
Horrez gain, parte hartzea eta gardentasuna bultzatzea ezinbestekoa iruditzen zaie. Ildo horretatik, aurrekontu parte hartzaileak izateko pausoak ematen ari direla azaldu Ogasun Saileko ordezkariak. Eta gaineratu duenez, “gardenak izan behar dugu”. Herritarrek dirua zertan xahutzen den jakiteko beharra azpimarratu du. Aurrekontuotan, “balore solidario eta aurrerakoiak” dituzte bere esanetan. “Gizarte politikak aurrekontuaren erdia hartzen du”, adierazi du Minerrek. Tartean, etxe kaleratzeen aurkako politikak. Ingurumena errespetatu eta “tokikoa lehenetsi” asmo dute aurrekontuok. Sektore publikoa indartu nahi dute, "gizarte politikak gauzatzeko, kohesioa lortzeko".

Aldundiko Kooperazio zuzendari Arantzazu Santosen esanetan, “Gizarte berri bat eraikitzeko”, jardunaldion ardatzetako bi, finantza etikoak eta nekazaritza iraunkorra uztartu behar direla uste du. Egungo sistemak, “landa eremua baztertuz”, multinazionalen alde egiten duela dio. Sistema honetan, “gure ondasunak, merkantzia hutsak” dira Santosek adierazi duenez. Horregatik, lokaletik lan egin beharra dagoela azpimarratu du, beste eredu baten alde. Egun indarrean dugun eredua kritikatu soilik ez, haratago joan eta “eredu jasangarria proposatu” behar dela dio. Eta horretarako, konpromisoa behar dela. Konpromiso pertsonala, baina baita erakundeena ere. “Herri mugimenduen lidergoa errespetatuz”, ildo horretan kokatu du Santosek Gipuzkoako Foru Aldundia.