Zenbait ikastaro berri, hastear

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 24a, 00:00

Hainbat ikastaro antolatu dira datozen egunotarako; yoga, sexualitateari buruzko tailerra, KzGuneko saioak... Hona hemen, argibide gehiago:

Afrikar dantzen ikastaroa, Gaztetxean
Facebook bidez iragarri dutenez, afrikar dantza mandingeen ikastaroa antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak, otsailaren 2rako. Bi orduko saioa, goizeko 11:00etan hasiko da. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, usurbilgogaztetxea@gmail.com helbidean edo 627 285 904 telefono zenbakira deituta. “Ikastarora zatoztenok, ekarri mesedez aldatzeko arropa, izerdia erruz botako dugu eta”, ohartarazi dute antolatzaileek. Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da.

Yoga eta erlaxazio tekniken ikastaroa antolatu dute Aginagan
San Praixku Guraso Elkarteak, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkartearen laguntzaz, eskolan eta etxean haurrei irakasteko yoga eta erlaxazio tekniken ikastaroa antolatu du. Urtarrilaren 28an hasiko da sei saioz osatua egongo den ikastaroa. Klaseak hain zuzen, Aginagako ludotekan eskainiko dira. Hilaren 28tik aurrera, astelehen arratsaldetan, 17:00-19:00 artean. Ikastaroa Marina Pintos yoga irakasleak bideratuko du. Yoga haurrei eta eskola inguruneetan ematen trebatua dago bera. Ikastaro berri honetarako izen ematea irekita dago jada, 687 865 658 telefono zenbakian. Interesdunentzat, gogorarazi berriz; ikastaroa urtarrilaren 28an hasiko dela. 

Ahalduntze ikastaroetako batean, izen ematea luzatu dute
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak herriko emakumeei zuzenduriko ahalduntze ikastaro berriak antolatu ditu. Martxora arte luzatuko diren hiru ikastaro hain zuzen. Horietako batean, "Nire sexualitatea lantzen" izenekoan, apuntatzeko epea luzatu dute. Izen emateko deitu 943 371 951 edo 943 377 110 telefono zenbakietara, edo idatzi, parekidetasuna@usurbil.net helbidera. "Nire sexualitatea lantzen" ikastaroa, datorren astelehenean abiatuko da, urtarrilaren 28an. Saioak, astelehenetan burutuko dira, bake epaitegi atzeko lokalean, 14:30-16:30 artean. 

Sendabelar ikastaroa, Usurbiltzenen eskutik
Bi ikastaro antolatu ditu Usurbiltzenek. Batetik, ogia egiteko ikastaroa, urtarrilaren 26an 9:30-14:00 artean, Agerialdeko jangelan. Interesdunek, aldez aurretik izena eman beharko dute, 608 566 683 (Beñat) telefono zenbakira deituta. Ikastaroko prezioa, 30 eurokoa da.

Irekita dago baita, Usurbiltzenek antolatu duen sendabelar ikastaroan izen emateko epea. 48 orduko iraupena izango du. Klaseak larunbat goizero, Usurbilgo Gaztetxean burutuko dira, 9:30-13:30 artean. Laura Gurbindo aditu nafarrak bideratuko ditu saioak eta “bertan sendabelarren herbario bat egingo da irteerak eginez, sendabelarrak biltzeko garai egokiak zein diren ikasi, beraien atal erabilgarriak edo propietateak zein diren,... Hortaz gain sendabelarrekin egin daitezkeen gauzak egiten ere ikasteko aukera izango da: ukenduak, txanpuak,landare estraktuak, olio sendagarria...”.

Antolatzaileek noaua.com web orrira bidali duten mezuan berri ematen dutenez, ikastaroa taldea osatzean hasiko da. Urtarrila amaiera honetan edota otsaila hasieran. Apuntatzeko deitu, 608 566 683 telefono zenbakira edo idatzi usurbiltzen@gmail.com helbidera, “sendabelarrak” izenburuarekin. Ikastaroko prezioa 100 eurokoa da, antolatzaileek ohartarazi dutenez, “ikastaro hauetarako gobernuak ematen zituen diru-laguntzak erabat kendu baitituzte”. Ikastaroak jarraipena izan dezake beste 48 orduz, taldeak gaian gehiago sakontzeko nahia erakusten badu. Usurbiltzenetik aditzera eman dutenez, “agian jarraipen hau ez da ordaindu beharko gehiago, diru-laguntza lortzen bada”. 

KzGunea
Urtarrilean zehar, goizez irekiko dute KzGunea, 9:00-13:00 artean. Hainbat ikastaro programatu dituzte (informazio gehiago: 943 023 684 edo tutor.usurbil@kzgunea.net): 
-Urtarrilak 28-29: Irudi digitalen tratamendua I.
-Urtarrilak 29: Gmail.
-Urtarrilak 30-31: Irudi digitalen tratamendua II.