Txarangek girotutako kalejirek hutsik ez, aurtengo Inauteri Festan ere

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 24a, 00:00

Asteotan, otsailaren 9an ospatuko den Inauteri Festaren inguruko zenbait nobedadeen berri eman dizuegu. Musika izango dela mozorrotzeko zehaztu den gaia. Afaria ez, inauteriak bazkari baten bueltan ospatzeko aukera egongo dela oraingoan. Iaz bezala, Olarrondo jatetxean. Otordurako txartelak 18 eurotan dituzue salgai, NOAUA!ko egoitzan, Irratin eta Txiribogan. Eta aipatu dizuegun beste berrikuntza; erraldoi konpartsarena. Inauteriotan, arratsaldez, buruhandi eta erraldoien kalejira batez gozatzeko aukera izango da Kaxkoan.

Horiek berrikuntzetako batzuk. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Gaztetxeak antolaturiko egitarau honetan ordea, ez da aurreko urteetako osagairik faltako. Kaxkoa girotu eta jendea dantzan jarri izan dituzten txaranga taldeak bueltan datoz eta. Eguerdi partean, Zumarte Musika Eskolako Zumartxan taldeak girotuko du bazkalurreko tartea. Iluntzean berriz, Burrunbazale txarangaren txanda izango da.

Mozorrotu, eta kalean algara artean pasatzeko eguna izango dugu beraz, datorren otsailaren 9a. Egun horretako egitaraua, ikusgai duzue web orrialde honetako agendan.