Azken egunotako euri zaparrada mardulek eraginda, berriz ere Oria ibaia hazita datorkigu ostegun goiz honetan. Bere bidetik doa bai, baina gainezka egiteko ez zaio asko falta. Indartsu dator, are gehiago, jakinik eguerdi parte honetan dugula itsasgora. Euskalmet-en arabera arratsaldera arte, "ipar-mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da, batez ere kostaldean. Euria oparo egingo du, kantauri isurialdean barra-barra eta txingor zaparradak ere bota ditzake". Alerta horian egongo gara 15:00ak arte, 80-100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegu eta.
Edozein kasutan, arratsalde partetik aurrera, baretzen joango omen da. "Haizea ahuldu egingo da eta prezipitazioak urrituz joango dira; hegoaldean arratsaldean atertuko duen bitartean, kantauri isurialdean gauean egingo du", dio Euskalmet-en iragarpenak.
Ekaitzaren ostean, barealdia
Biharko azkenean bai, azken egunotako prezipitazio ugarien ostean eguraldiak hobera egingo du, ordu batzuetarako bada ere. "Goizean eta eguerdian ostarte batzuk zabalduko dira eta eguzkia ikusiko dugu. Arratsaldean aldiz, fronte berri batek zerua estaliko du eta egunaren amaierarako euria ekar dezake. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorren batekin kostaldean eta mendi inguruetan", adierazi dute euskal meteorologia agentziatik. Bihar iluntzerako euria espero da bai, larunbateko lehen orduetarako baita, gerora ordea atertu egingo omen du.