Nekazaritza iraunkorraren aldeko dekalogoa, EHko Laborantza Ganberatik

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 24a, 00:00

Euskal Herriko Laborantza Ganberako ordezkari Iker Elosegik hasi du gaurko eta biharko iragarria dagoen hitzaldi eta tailer sorta. Ipar Euskal Herriko eta frantziar estatuko nekazaritza iraunkorra izan du hizpide ordu erdiz, Sutegiko auditorioan. Batetik, hainbat alor honetako industrien lan egiteko modua salatu du. Hainbat kooperatiba “desbideratu” direla zioen. Jendartean, euren burua zuritzeko ahaleginak egiten dituzte bere esanetan, bereziki komunikazio alorra asko landuz eta guztia, “ustez laborantza iraunkorraren alde, baina ez da egia”. Aitortu duenez ordea, horri aurre egin eta salatzea ez da lan erraza. Baina ezta ezinezkoa ere.

Adibide moduan jarri du, nola duela urte batzuk kooperatiba bat okupatu zuten sei egunez. Garai hartan, Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskunde giroan murgilduak ziren Ipar Euskal Herrian. Mobilizazio hark, bere emaitza izan zuen. “Sarkozy transgenikoen alde agertu zen” presidentetzarako hautagai bakarra zela jakinik, “moratoria bat egin zuen, presio sozialaren aurrean”. Ehun lagunek sei egunez eginiko okupazio hura, aipatu moratoria aplikatzearen akuilu izan zela gogorarazi du Elosegik. 

Horrekin batera, kooperatiba bat, bere esanetan, bere eginkizunetatik ez “desbideratzeko” zer egin daitekeen azaldu du, bere esperientziatik, Euskal Herriko Laborantza Ganberatik. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren aldeko apustua egiten dute eurek. “Laborariak herrian iraunaraztea. Janari sanoa ekoiztea, baliabideak arriskuan jarri gabe”. Gogorarazi duenez, laborari bat ez da ekoizle huts bat, ingurune batean bizi den eta bertako bizimoduan parte hartzen duen herritar bat baizik.

Dekalogoko printzipioak
Nekazaritza iraunkorraren alde egiteko hamar printzipio aldarrikatu ditu Elosegik, Sutegiko hitzaldian. Honi lotuta, gainera metodologia bat ere garatua dute. Puntuazio sistema baliatuz, etxalde bakoitzaren egoera baloratzen laguntzen duena. Hauek dira, dekalogo honetako printzipioak:

1-Ekoizpen kantitateak partekatu, laborantzan ahal bezain bestek bizi ahal izateko.

2-Beste lekuetako laborariekiko elkartasuna izan.

3-Ingurumena errespetatu.

4-Baliabide arruntak balorizatu eta baliabide urriak zuhurtasunez erabili.

5-Eroste, ekoizte, transformatze eta saltzeak gardentasunez egin.

6-Ekoizpenen kalitatea ziurtatu, osasun eta gustu aldetik.

7-Etxaldeen autonomia ahal bezainbat garatu.

8-Baserri munduko beste eragileen partaide izan.

9- Landatutakoaren bioaniztasuna ziurtatu.

10- Erabakiak epe luzera eta orokorki gogoetatuz hartu.


Atzo aurkeztutako Lurzaindia, gaurko saioetan parte hartzaile
Egunotarako iragarriak dauden hitzaldi eta tailerretan, besteak beste, atzo Baionan aurkeztu zuten Lurzaindiako ordezkariek parte hartuko dute. Espekulazioari aurre egin eta laborantzako lurrak babestea eta mantentzea dute helburu, GFA Lurra elkarte ohiaren hari beretik, EHLGk, ELBk, Arrapitz federazioak eta Inter-Amapek sortu duten egitura. Informazio gehiago: lurzaindia.eu. Lurzaindiako ordezkariak, gaur goizean parte hartzekoak ziren, hitzaldietako batean.