Biharko Korrika Omenaldirako azken prestaketa lanetan dabiltza

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 25a, 00:00

13:00etan hasiera ofiziala emango zaion egun osoko jaialdi baten bidez, euskara ikasten ari direnak omenduko dituzte bihar Usurbilen. Euskal Herri mailako jaialdia antolatu dute frontoian eta Dema plazan; Korrika Omenaldia, Korrika Kulturalaren abiapuntu izango dena. Musika, jan eta edatekoa, ekitaldiak... Denetarik izango da bihar goizean hasi eta gauera arte. Usurbildarrak eta inguruetako udalerritako lagunak espero dira biharko jaialdian. Baita ordea, Euskal Herri luze eta zabaletik etorritako beste hainbat euskaltzale ere. 

Euskararen aldeko jaialdi erraldoi honen bezpera eguna dugula nabari da gaur. Antolatzaileek, biharko jaialdiran espero diren euskaltzale guztiak hartzeko azken prestaketa lanetan dihardute atzotik. Frontoian prest dago oholtza. Dema Plazan, karpa erraldoi bat jarri dute, eguraldia Korrika Omenaldia ospatzeko oztopo izan ez dadin. Itxura guztien arabera, Irazu kalea itxita geratuko da bihar. Eta honenbestez, Askatasuna plazatik sartu ahal izango da jaialdi gunera. Askatasuna plazan bertan, jarria dute normalean sarrerak saltzeko baliatu ohi den txabola. 

Sarrerak aipatuta, esan, txartelak aldez aurretik salgai daudela 10 eurotan, Aitzagan, Txirristran eta Etumeta AEK euskaltegian. Bestela, Dema Plazarako sarbidean eskuratu ahal izango dira. 

Ateri eutsiko dio
Azken egunotako euri jasen ostean, asteburuari begira barealdia datorrela dirudi. Euskalmet-en arabera, ateri eutsiko dio biharko egunaren zati handienean behintzat. Larunbat goizerako euria egin dezake, baina Korrika Omenaldiak irauten duen artean behintzat ez da prezipitaziorik espero. Eguraldiak hobetzera joko du:

"Bihar goizean euri apur bat egingo du. Egunaren lehenengo partean zerua oso hodeitsu egongo da eta euria txikia egingo du, ekialdean bereziki. Goizean zehar atertzen joango da. Arratsaldean ostarteak zabalduko dira eta gauean zerua, oro har, partez hodeituta geratuko da. Goizean mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta goizaldean oso gogor batzuekin kostaldean. Arratsaldean hego/hego-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira eta 15 ºC-ren inguruan ibiliko dira kostaldean eta 10-12 ºC-ren bueltan barnealdean". 

Igandeko mendi bizikleta probarako ere ateri
Bide batez, igande goizean ospatuko den mendi bizikletako proba herrikoiari begira ere, Irisasi BTT "Hotzak akabatzen" 2013 hitzorduan alegia, iaz ez bezala, oraingoan ateri eutsiko diola dirudi. Baina adi haizearekin. Bihar goizean bezala, igande goizean ere alerta horian egongo gara 100 kilometro orduko haize boladak espero baitira.

"Igandean beste fronte batekin eguraldiak beltzera egingo du. Goizean hodeiak ugaritzen joango dira eta eguerditik aurrera prezipitazio txiki-ertainak botako ditu, ipar partean bereziki. Egunaren lehenengo partean mendebal/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Arratsaldean haizea ipar-osagaira aldatuko da. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez eta goizaldean izotza bota dezake barnealdean".