AHTren inguruko hitzaldia igandean

Noaua Aldizkaria 2013ko urt. 25a, 00:00

"AHTren aurkako borroka eta desobedientzia" izeneko hitzaldia antolatu du Itayak Usurbilgo Gaztetxean, igande arratsaldeko 18:30etarako. Mugitu! mugimenduko kide Mikel Alvarezek emango ditu gai honi buruzko argibide guztiak. 

Ekitaldian landuko den azpiegitura honen inguruko berri antolatzaileek web orrialde honetara helarazi duen mezuaren bidez eman dute. "Argi dago Euskal Herrian garraiobide arazo bat dugula. Lurralde osoa errepidez josia dugu eta, hala ere, bertan ibiltzen den trafikoa geroz eta handiagoa da. Arazo honek irtenbide garbia du: garraiobide gehiago, handiagoak, azkarragoak behar ditugu. Hala al da? 

Azter dezagun gai hau. Arazo bati soluzioa aurkitzeko orduan ez da egokia errazena dirudien konponbideari heltzea, arazoaren iturrira jo behar da. Hau ikusirik, zein da Euskal Herriko garraio sarearen arazo iturria? Euskal Gobernuak dio garraioaren eboluzioa ikusirik etorkizunean auto eta kamioi gehiago ibiliko direla errepideetan eta horri aurre egiteko ari dira eraikitzen Donostiako zinturoi berria, Gasteiz - Eibar autobidea, Abiadura Handiko Trena?

Baina, hau ez da arazoaren iturrira joatea! Arazoaren iturria garbia da: garraioaren gorakada. Arazoa identifikatu dugu, garraioaren igoera etengabea, azter dezagun hau. Euskal Herriko garraioaren portzentaia altu bat Frantzia-Espainia konexioa egiteko kamioiak dira. Kamioi guzti hauek Euskal Herritik pasatzen dira berentzako biderik azkarrena eta merkeena delako eta guri ez digute sosik ere uzten; errepide gehiago eraikitzen jarraitzen badugu normala kamioi gehiago pasatzea. 

Bestalde, Euskal Herri barruko garraioen gehiengoa ikasleen edo langileen lanpostuetarako joanaldiak dira, garraio hauek eskualdetik kanpo gutxietan izaten direlarik. Garraioen %25a aisialdikoak dira, hauek ere gehienetan eskualde barrukoak izanik. Abiadura handiko trenak hiriburuak lotuko lituzke, merkantzia garraiorik gabe. Datu ofizialak ikusirik, honek Euskal herriko trafikoaren %2a baino gutxiago suposatzen du. Hau ikusirik garbi dago, Euskal Herrian eskualde barruko garraioa bultzatu behar dela arazoari benetan aurre egiteko. Garraio publikoaren sarea hobetu, lanpostuetara joateko autoa elkarbanatu, bertako produktuak bertan kontsumitu, 5000 millioi, AHTan gastatu ordez horrelako soluzioak bultzatuko balira ziur egon Euskal Herriko garraio arazoa asko hobetuko litzatekeela. Behar al duzu Abiadura Handiko Trena? ITAYA Mugitu! : http://mugitu.blogspot.com.es/"