Ekitaldiz josia dator biharko Korrika Omenaldiko egitaraua. Kalejirak, bazkaria, musika, ekitaldiak... Eguneko hitzordu garrantzitsuena, arratsaldeko 16:30etarako iragarri dute. Une horretan, euskara ikasten ari direnak omenduko baitituzte, Dema plazan eta frontoian ospatuko den jaialdiaren baitan. Euren omenez ospatuko da martxoko Korrika 18, eta diogunez, baita biharko jaialdia ere.
Halere lehenago, Korrika Omenaldia goizean hasiko da kale animazioarekin. Jai giroa nagusituko da beraz Kaxkoan. Asteazkenean, erraldoien konpartsak bihar arratsaldean desfilatuko zuela aipatzen genizuen. Azkenean ordea, eguerdira aurreratu dute kalejira. 12:00etan abiatuko dira erraldoiak eta musikariak, Mikel Laboa plazatik. Kaxkoan zehar ikusiko ditugu bazkalaurretik.
Irekiera, 13:00etan
Ordubete beranduagorako iragarria dago, Korrika Omenaldiko txotx festaren irekiera. 13:00etan hain zuzen. Kupelak ireki eta une horretatik aurrera, sarrera eskutan duenak frontoira eta Dema plazara gerturatu ahal izango du. Sagardoa edatearekin batera, eguerdian bertan bazkaltzeko aukera izango da. Arratsalde partean, aipatu bezala, ikasleak omenduko dira lehenik, eta erromeria izango da gero.
Biharko egitarauaren baitan, badira herriko zenbait taldeek deitutako hitzorduak. Erraldoien kalejirarekin batera, iluntzeko 19:00etatik aurrera kantu jira ospatuko da. Urtarrileko azken larunbata baitugu bihar, eta antolatzaileek euren hitzordua Korrika Omenaldiaren baitan integratu dute. Honenbestez, kantu zaleek girotuko dituzte afalaurreko orduak.
Korrika Omenaldia amaitzeko, Esne Beltza taldekoen kontzertua izango da frontoian. Eurek sortu dute hain zuzen, martxoaren 14tik 24ra ospatuko den Korrika 18ren abestia.
Usurbilgo Gaztetxera gero
Korrika Omenaldiko egitarau ofiziala gauerdian amaituko den arren, jarraian, Usurbilgo Gaztetxeak kontzertuak antolatu ditu garai bateko Alkartasuna kooperatibako egoitzan. Goizaldera arte bidea egiten lagunduko duten, Makulu Ken eta Mendeku Itxua taldeen emanaldiak lotu dituzte. Bertan bildutako laguntza, Korrika 18rako kilometroa erosteko baliatuko dute gaztetxekoek.
Hitzordu asko beraz biharko. Modu laburrean, hemen, egitarau osoa:
Goiz osoan zehar, kale animazioa: trikitilariak, txarangak...
12:00 Erraldoien kalejira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
13:00 Bertsolariak eta kupelen irekiera.
14:30 Bazkaria.
16:30 Ekitaldi nagusia.
18:00 Erromeria.
19:00 Kantu jira.
21:00 Esne Beltzaren kontzertua.
Gauerditik aurrera, kontzertu gaua Usurbilgo Gaztetxean: Mendeku Itxua eta Makulu Ken.