Jendetza bildu zen larunbatean Usurbilen ospatu zen Korrikaren aldeko jaialdian. Euskara ikasten ari direnen omenaldi erraldoian bihurtu ziren, frontoi eta Dema plaza inguruak. Beste behin, jaia eta aldarrikapena uztartu zituen herenegun ospatu zen ekimenak. Eguerdi parterako, ezohiko itxura zuen Kaxkoak. Udalerrirako sarbide nagusia, Oxtapekoa itxita, baita San Inaziotik gora datorren bidea ere. Inguru horretan, Euskal Herri osotik etorritako autobusetatik euskaltzaleak frontoi aldera igotzen.
Mikel Laboa inguruan, ezohiko larunbat baten itxura baita. Musikari talde batek hastera zihoan jaialdia iragartzen, erraldoi eta buruhandiak kaleetan gora eta behera... Artean, Askatasuna plazan jendea biltzen. Handik sartu zitekeen eta frontoi aldera. Eta bertan gainera, gerora dastatu ahal zen jatekoa prestatzen ari ziren. Jaialdi gunerako sarbidea ireki ahala, jendez bete zen Dema plazan zegoen karpa eta txosna ondoa, baita frontoia ere. Han jarri zituzten lau sagardo kupeletan pixkanaka jende ilarak, Zapiraingoen edaria dastatu nahian. Eta bertsolariak, jaia hasteko. Lehenik oholtza gainean, eta publikoa jai giroan murgiltzen laguntzeko, oholtzatik jaitsi eta jendartean gero bertsotan.
Ordubietatik aurrera, Askatasuna plaza bera jantoki erraldoi inprobisatuan bihurtu zen. Bertan prestatu zituzten haragi pintxoak, postre eta kafea dastatzeko, plazako txoko desberdinak hartu zituzten jaialdira etorritakoek.
Omenaldi beroa
Edozein kasutan, eguneko ekitaldi nagusia 16:30etarako iragarria zegoen. Larunbateko jaialdiko helburua euskara ikasleak omentzea zen eta. Bazkalostean, omendu zituzten. Frontoia beteta zela, eta bertaratutakoen txalo zaparra artean egin ere. Euskara ikasten ari diren guztien izenean, jaialdi bezperatan Korrikako antolatzaileek aurkeztutako bideoko protagonistak igo ziren oholtza gainera. Euskal Herriko aurpegi ezagunak, euskaldun berri anonimoekin solasean agertzen ziren Eriz Zapirainek eginiko lanari buruz ari gara. Haiekin baita, AEK eta Korrikako ordezkariak, Edurne Brouard buru zutela.
Euskara ikasten ari direnen ahalegina eskertu eta omendu zuten. Aurresku batek eta han zeudenen txalo zaparradek lagunduta, omenaldi beroa jaso zuten. Euskara doan ikasi ahal izateko erakundeen laguntza aldarrikatu zuten. Eta euskara erabiltzeko deia egin zuen, hori baita euskara ikasten ari direnak omentzeko dugun modu onena. Ikasleok egin duten ekarpena ere nabarmendu nahi izan zuten.
Ekitaldi honetan izan zen ezustekorik ere. Beste hainbat herritarren izenean, bi usurbildarrek ere bertaratukoen eta antolatzaileen eskerrik beroenak jaso baitzituzten. Zergatik? Duela urte batzuk baserriak berritzeko diru bilketa egin zen Usurbilen. Diru kopuru hartatik zati bat soberan geratu zen. Zati hau, Korrika 18ri ematea erabaki dute.
Ekitaldi unean frontoian ziren baita, euskara ikasleekin Eriz Zapirainen aipatu ikus-entzunezko lanean parte hartu duten aurpegi ezagun batzuk. Besteren artean, Iñaki Perurena eta Karlos Argiñano ikusi genituen. Baita zenbait ordezkari politiko eta euskalgintzako ordezkariak ere, Mertxe Aizpurua alkatea edota Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia esaterako. Baita Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joanmari Larrarte BERRIA taldeko kontseilari ordezkaria...
Eta haiekin guztiekin, diogun moduan, frontoia euskaltzalez beteta, baita Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako euskara ikasten ari diren ikasleez ere. "Eman euskara elkarri" lemapean ospatuko da datorren Korrika 18. Larunbatean, euskara elkarri ematen aritu ziren guztiak Usurbilgo jaialdian. Saiakera horren adibideetako bat, euskaraz mintzatzeko ahaleginetan ziharduten hainbat eta hainbat ikasleren solasaldi.
Jendetza erromeri eta kontzertuan
Egunez ospaturiko jaialdia, iluntzean ospatu zen erromeriarekin eta gaueko Esne Beltzak taldekoen kontzertuarekin lehertu zen. Jan edanarekin batera, herenegun ospatu zen euskararen aldeko jaialdiak dantzan jarri zituen gauerdira arte, Usurbilen bildutako euskaltzaleak.
Korrika Omenaldi honekin, orain bai, badator Korrika 18. Geroz eta gutxiago falta da, euskararen aldeko lasterketarako. 45 egun, Korrika.org atarian dagoen markagailuak gogorarazten duenez.