Jardunaldi eguna antolatu du Usurbiltzenek otsailaren 2rako. "Usurbil, elikaduran ere burujabe?" galderaren inguruan, egun osoko topaketak lotu dituzte Sutegin. Goizeko 9:30etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak aldera arte luzatuko dira. Ekimena parte hartzailea eta bizia izango dela iragartzen dute antolatzaileek. Hala behar izanez gero, haurrak zaintzeko zerbitzua ere egongo da. Izen ematea ireki dute, 618 868 188 telefono zenbakian. Email bat ere bidali liteke, usurbil.elikadura@gmail.com helbidera.
Usurbiltzenek duela gutxi eginiko ikerketa baten arabera, "nahikoa genituzke 55 hektarea lur modu egokian lantzea Usurbilgo herritar guztiak elikatzeko. Eta lurra soberan dugu".
Hainbat galdera planteatuko dira topaketa hauetan. Ekimena iragartzeko kaleratu duten eskuorriak jasotzen duenez, honako hauek mahai gaineratuko dituzte: "Zer elikadura premia dago herrian? Gai al gara Usurbilen gure burua hornitzeko? Atez-atekoarekin gai izan bagara, zergatik ez usurbildar guztiak bertan ekoitzitakoaz elikatzeko gai izan, urte osoan zehar? Zer egin genezake Usurbilgo produktuak bertako saltokietan saldu daitezen? Zer hasi gintezke ekoizten orain Usurbilen, kanpotik gutxiago ekarri behar izateko? Zer egin hori bideragarria izan dadin?...".